Berako V. Kirol Eguna eginen da irailaren 19an

TTIPI TTAPA 2009ko irailaren 16a

Joan den urteko kirol egunean, Genaro Zelaietari omenaldi hunkigarria eskaintzeaz gain, Artxila eskalada eremua inauguratu zen kiroldegian, Loro eta Zubietaren omenez. TTIPI TTAPA

Larunbat goiz eta arratsaldez hainbat ekitaldi eginen dira

Berako Kirol Egunaren bosgarren edizioa eginen da larunbatean, irailak 19. Goizean nahi duenak hainbat kiroletan trebatzeko aukera izanen du 10:00etatik aitzinera kiroldegiko aktibitate geletan: pilates, aerobic, ciclo indoor, tai chi… Kanpoko pistan, berriz, herri kirolak egiteko aukera izanen dute haur eta helduek: aizkora, arpana, koxkorrak, ingudea, zakua, txingak… Berako mendi ingurua ezagutzeko aukera ere izanen da, orientazio proba baten bidez.
Eguerdi partean, kenpo kai klasea emanen da eta nahi duenak probatzeko aukera izanen du. Altzateko frontoian, berriz, pilotan aritzeko modua izanen da, punttuan eta bertze jokuetan.
13:00etan, Euskal Herriko emakume mendizaleak biltzen dituen Mari Mendi taldeak bideo emanaldia eskainiko du.
Errekalden eginen den bazkariaren ondotik, Matzadan haur eta gazteentzat atletismo proba konbinatua eginen da 17:00etan eta  Patxi Vilak txirrindularitzaren inguruan gidatutako bideo emanaldia izanen da kiroldegian 18:30ean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun