XXI. Artzain Zakur lehiaketak eman zien hasiera bestei

Oskar TXOPERENA 2009ko irailaren 15a

Felix Irigoien eta Izar suertatu ziren irabazle

Besta bezpera egunean egokitu zaigu, hain juxtu, ale honetako berrien bidaltzea. Ondo­rioz, XXI. Artzai-zakur lehiaketan gertatutakoaren berri emanen dizuegu oraingoan, eta gaineko egunetakoa, halabeharrez, hurrengorako utziko dugu.
Eguraldi motelarekin hasieran eta xirimiriarekin erditik aitzinera, jendetza polita bildu zen Meakaundin. Be­de­ratzi zakur izan geni­tuen urteroko lehian, Igantzin dagoeneko lagun zaharrak diren artzaienak. Lehen probatik nabarmendu ziren za­kurren arteko aldeak. Ba­tzuk lan borobilak egin zituzten bitartean bertze zenbaiten gabeziak agerian gelditu ziren segituan. Dena erranez gero, artaldearekin zorte han­dirik izan ez zuenik ere izan zen. Kontua da bortz zakurrek gainditu zutela lehendabizko pro­ba: Bat (Xa­bier Urien), Jai (Jor­ge Otei­za), Xarpa (Jose­txo Bi­lla­bona), Mendi (Mikel Garaiar) eta Izar (Felix Irigoien). Biga­rren proban, berriz, bi zakur nagusitu zitzaizkien ber­tze­ei, artaldea hesi borobilean sartzea lortu baitzuten biek: Felix Iri­goienen Izar eta Jorge Oteizaren Jai. Az­ke­­ne­an, 9 puntuko alde murritzarekin irabazi zuen argazkian ageri den amaiurtarrak. Oro­noz­ta­rra izan genuen bigarren eta Xabier Urien biz­kaitarra hirugarren.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun