Aurtengo lehentasunetako bat web orria edukiz hornitu eta sareratzea zen. Helburu hori bete du Bortzirietako Euskara Mankomunitateak, eta, dagoeneko, www.bortziriak.org sarean da.
Hemendik aitzinera, web orria zabalkunderako tresna garrantzitsua izanen da mankomunitatearentzat. Herritarrei zerbitzu hobeagoa eskaini ahal izanen die; mankomunitatearen inguruko albisteen eta deialdien berri izateko, bereziki. Arian-arian, denborarekin herritarrek mankomunitatearekin zerikusia duten izapideak eta galdemoduak web orriaren bitartez egitea da asmoa. Dagoeneko, mankomunitateak leiho irekia eskaintzen die herritarrei.
Atalak eta erabilera
Ezkerrekoan eduki finkoak daude, mankomunitatearen funtzionamenduari buruzkoa (estatuak), euskararen egoerari buruzkoak (datu soziolinguistikoak), bai euskarari (ziurtagiridunen zerrenda), eta fitxategiak (atalka sailkatuta daude interesekoak izan daitezkeen dokumentuak: argitalpenak, aktak, iragarkiak, deialdiak, berriak, etab.).
Menu horren azpian baimena duten erabiltzaileak sartu ahal izateko laukitxoak daude; izena eta pasahitza dutenak sartzen ahal dira bertan. Mankomunitatearen helburua da etorkizunean batzordekideek euren tokia izatea bertan, batzordeetako akta eta bertzelakoak ikusi eta elkar trukatzeko. Goiko aldean bada bara bertze menu bat, ezker-eskuinekoa. Goian eta ezkerrean hasierara joateko modua izanen dugu beti. Ondoan albiste eta dokumentuen bilatzailea dago. Hurrenez hurren ditugu albisteetarako sarrera zuzena, ekitaldien agendarako sarrera, eta harremanerako gunea. Horren azpian, bi lauki handi ditugu, batean deialdiak agertzen dira nabarmenduta (lan eskaintzak, ikastaroak, bekak, diru laguntzak, etab.), eta bertzean mankomunitateari buruzko aurkezpena (eduki finkoa). Ondoren eta blog baten egiturarekin, goitik behera eta kronologikoki ordenatuta (berriena goiti), mankomunitatearekin lotutako albisteak (irudi batekin) ikusten ahal dira.
Bukatzeko, eskuin aldean, ekitaldien eta bileren agenda dago, hilabeteka antolatuta. Mankomunitatearekin lotutakoak iragartzen dira bertan.