Mugikortasunaren Astea eginen da Lesakan ekainaren 16tik 22ra

Aitor AROTZENA 2009ko irailaren 15a

Mugikortasunaren Astea eginen da Lesakan ekainaren 16tik 22ra Aitor AROTZENA

Endarlatsatik Berrizaunera trenbidea "erabiltzeko moduan uzteko" sinadurak bilduko dira

Irailaren 16tik 22ra Mugikortasun Astea ospatuko da Lesakan. Aurkezpena joan den ortziralean egin zuten Udaletxean eta bertan izan ziren Centro de Recursos Ambientales de Navarra (CRANA) erakundeko Rafa Aldai, Deñe Abuin Hirigintza zinegotzia, Mattane Rodriguez kultur teknikaria eta Cederna-Garalur erakundeko Arantxa Arregi.
Asteazkenean, irailaren 16an, 18:00etan, “Lesaka mugitzen da, bizikletaz” hitzaldia eskainiko da mugikortasun jasangarriaren inguruko iniziatiben aurkezpena eta eztabaidarekin. Lesaka Nafarroako bizikleta-bideen sarean solasaldia eskainiko du Oraintxeko Eneko Astigarragak; erdigunea eta trenbidea lotuko dituen proiektuaren aurkezpena eginen du Jokin Pastorrek eta hirigintza iraunkorra Lesakan gaia landuko da. Herrian bizikleta erabiltzeko promozioaz ere ariko dira Beñardo Iantzi eta Eneko Astigarraga.
Irailaren 18an, ortziralean, “INGUMAK” taldearen eskutik, “Non zaude CO2?” antzezlana ikusgai izanen da 17:00etan konbentuan.
Irailaren 19an, larunbat goizean, Onin erreka eta Erdiko Errotako kanala garbituko dira. Goizeko 10:00etan jarri dute hitzordua eta tenorez joatea garrantzitsua dela azpimarratu zuen Arantxa Arregik, hasieran partehartzaileei aseguru berezia eginen baitzaie. Uraren muestra bat ere hartuko da, bere kalitatea neurtzeko eta inguruko bertze urekin konparatzeko.
18:00etan Patxi Vilak txirrindularitzaren inguruan gidaturiko dokumentala aurkeztuko da.
Irailaren 20an, igandean, Lesakako Mendi Bizikleta ibilaldiaren bigarren edizioa antolatu du Beti Gaztek. Bi ibilbide izanen dira aukeran, 42 eta 25 kilometrokoak. Izena ematea 8:30etik 9:30era egiten ahal da. Beti Gazteko bazkideek 10 euro ordaindu beharko dute eta gainerakoek 12 euro. Haurrentzako ginkana ere izanen da herrian.
Irailaren 22an, Alkaiagako Geltokitik Montoiako tunelera ibilaldia eginen da trenbidetik, 16:30ean. Ibilaldi honekin, Bidasoako trenbidea Endarlatsa eta Berrizaun artean berreskuratzea eskatu nahi zaio Nafarroako Gobernueari, eta sinatzeko agiri bat ere aurkeztu du Lesakako Udalak.

 

Endarlatsatik Berrizaunerako tartea ongi jartzeko sinadura bilketa
Agirian adierazten denez, “errepideko lanak hasi aitzinetik, hiru tuneletatik bik argiztapena zuten, Lesakako Herriko Etxeak egindako inbertsioari esker. Telleriko tunela erabiltezin gelditu da, eta Onbordikoa luzatu egin da. Montoiakoak lehenago ere ez zuen argiztapenik, baina bai bide bat bazterretik hira saihesteko. Egun, bide hori desagertu egin da”. Gainera, tunel barrenetan ur-putzuak daude, eta Onbordikoan ura biltzeko sistema egina zen. Konponbide erraza du, eta Onbordikoan bezala Montoiakoan ere egin ahal izanen litzateke.
Lanak direla eta zola aunitz hondatu da eta biderik gehienean moldatu egin beharko litzateke. Segurtasunari dagokionez, zati batzutan segurtasun neurri bereziak hartu beharko liratekeela aipatzen da idatzian, adibidez, “Telleriko tunela desagertzearekin, ibilbide berria errepidearen paretik doa, eta bazterrean babes neurriak hartu beharko lirateke, Gipuzkoako zatian bezala”.
Alkaiagako bidegurutzeak ere aipamen berezia merezi du idatzian. Berako saihesbidea egin zenean Alkaiagako auzoa eta trenabidea bitan banatuak gelditu ziren. Gaur arte ez zaio irtenbiderik eman, eta bidegurutze horretan hildakoak ere egon dira. Trenabideko erabiltzaileak gero eta gehiag direnez, bi irtenbide ikusten dira: “Berako sarrera-irteerei irtenbide bateratua ematea, edo bide alternatiboa sortzea, Alkaiagako harrobitik Zalain Zokora joanen litzatekeena”.
Trenabiderako dauden proiektuak egitea kostako dela kontuan hartuz, guttieneko neurri hauek berehala hartzea eskatzen da idatzian, “modu honetan, trenabidea erabilgarri legoke eta elkarbizitza posible litzateke, bai arrantzaleekin, txirrindulariekin, ehiztariekin, turistekin, bertako bizilagunekin edota landetxe eta hoteletako bezeroekin ere”.

 

Bidasoako trenbidearen laguna
Bidasoako trenbidearen laguna txartela ere argitara eman du Lesakako Udalak. Txartel honen jabe denak zenbait konpromiso hartzen ditu, hala nola gainontzeko erabiltzaileak errespetatzea, bidea aisialdirako eremu osasuntsu bezala erabiltzea eta zaintzea, trenbideko bide-seinaleak eta altzariak errespetatzea, bertan izan daitezkeen gertakari edo gorabeheren berri emateko 012ra deitzea edo bidea promozionatzekoeta mantentzeko antolaturiko ekintzetan parte hartzea. Irailaren 22ko ateraldiaren ondotik ere, zozketa burutuko da Bidasoako Trenbidearen Lagunen artean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun