Koldo Erkiziak Lesakako alkatetza utziko du irailaren 30ean

Aitor AROTZENA 2009ko irailaren 15a

Onin udal taldearen konfidantza eta babesa galdu duela uste du

Lesakako alkateak, EAko Koldo Erkiziak bere kargua utziko du irailaren 30ean. Bere dimisioa ezeztaezina dela dio, ez baitu bere gobernu sozioaren, Onin udal taldearen laguntzarik eta babesik somatzen. “Koherentzia politikoarengatik, Eusko Alkartasunak hartutako konpromisoekin koherentziagatik eta Lesakako herriarekin daukadan ardurarengatik alkatetza utzi eta alkate berria aukeratzeko eta udal talde berria osatzeko prozedura irekitzea erabaki dut” zioen Erkiziak.
“Kontua ez da aulkiari nola edo hala eustea” dio Koldo Erkiziak. “Gaur egungo egoera eta Oninekin daukagun harremana kontuan hartuz, lesakarrekiko erabakirik zintzoena, etikoena, garbiena eta arduratsuena dela uste dut”. Halere, orain arte bezala udaletxean lanean segituko duela zehaztu du.
Oraindik Lesakako alkate denak aipatu duenez, azkeneko hilabeteetan udaletxean daukan ekimen politikoak Onin taldearen konfidantza falta etengabearen eragina izan du, “zenbait udal batzordetan neukan presidentzia uzteko zenbait mozio aurkeztu baititu plenoan, oposizioaren babesarekin”. Erkiziaren ustez, hau “guztiz desleiala da gobernu-bazkideen artean, ez da normala”. Gainera, Lesakako alkateak dioenez, “Onineko zinegotziek etengabeko txantaia egin diote alkatetzari, zentsura-mozio bat aurkezteko aukerarekin behin eta berriz publikoki mehatxu eginez.  Honelako jazarpenaren aitzinean, konfidantza eza jasanezina zelako eta gobernu taldearen sintonia falta herriarentzat kaltegarria zelako, neronek ezin nuelakoz zentsura-mozio hori aurkeztera gonbidatu nuen Onin”.

 

Zentsura-moziorik ez dutela inoiz aipatu dio Oninek

Deñe Abuin, Onin udal taldeko zinegotziak, aldiz, “zentsura-mozioa aurkezteko aukerarik ez dutela inoiz aipatu” erran digu. “Hitz horiek Erkiziak eta EAko bertze zinegotziak bakarrik erabili dituzte eta hor daude plenoetako aktak, ikusi nahi duenarentzat”. Erkiziak alkatetza uztea “penagarria” iruditzen zaio Onineko zinegotziari, “berekin lan egiten ahal delako, baina PNVrekin hagitz zaila da”. Erabakia ongi pentsatzea eskatu dio Erkiziari eta “gauzak gaizki doazenean lan gehiago egin behar da eta ez dena utzi”.  Abuinek onartu du azken hilabeteetan zenbait erabakitan ez direla ados egon EArekin. “Guk alkatetza aldatzeko botuak eman genizkion EAri. Lesakako udalean, 20 urtez PNVren menpe egon ondotik, lan egiteko filosofia eta modua aldatu behar zela pentsatzen genuen eta horretarako eman genizkion botuak, baina ez zen inoiz hitzarmenik izan. Horregatik, erabaki bat egokia ez dela uste badugu kontra bozkatu dugu”. Horixe da, Abuinen ustez, Lesakako udalak gaur egun duen aberastasunik handiena: “Ez da gehiengo osorik eta erabaki guziak aztertu eta eztabaidatu egin behar dira, adostasunak bilatu”.
Kargu hartze hartatik bi uste pasatu direnean, “Onin udal taldearen kolaborazioa ez da positiboa izan”, Erkiziaren erranetan, “alde bakarreko eta zenbait kideren pertsona bakarreko ekintzek markatua egon da, eta deskonfidantza giroa sortu da, gobernu-sozioen artean batere egokia ez dena”.

 

PNV "harritua" eta "alkatetza hartzeko prest"

Juan Fermin Mitxelena, PNVko zerrendaburuak “harriduraz” hartu du Erkiziaren erabakia, “ baina egiten ari diren lana eta bi sozioen artean duten harremana ikusiz, herriarentzako onena” dela uste du. Udal hauteskundeetan botu gehien jaso zituen taldeko ordezkariaren arabera, “Herriko Etxean egiten ari diren lana kaxkarra da, eta erabaki aunitz eta handiak hartzen ari dira batzordeetan, gero plenotik pasatu gabe”. Bertzelako hitzarmenik ezean, PNVk hartuko luke alkatetza Lesakan eta horretarako “prest daudela” argi dauka Mitxelenak. “Horretarako aurkeztu ginen, horretarako hartu genun lesakar gehienen babesa eta lehendik ere badakigu zer den gehiengo osorik gabe gobernatzea”.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun