Etorkinak eskualdean gizarteratzeko helburuarekin, eta herrialde bakoitzaren kultura hemen ere ezagutzeko, Mugarik Gabe topaketa antolatu dute seigarren aldiz Bortzirietako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuek eta Euskara Mankomunitateak eta Inti Kausay etorkinen elkarteak. Urriaren 3an eginen da Beran eta aitzinekoetan ez bezala, aurten herrialde bati eskainitakoa izanen da besta: Ekuador. Horren inguruan prestatu dute egitaraua.
Futbito txapelketa
Egun haundiaren aitzinetik, irailaren 26an, Mugarik Gabe bestan ohikoa bihurtu den futbito txapelketari emanen zaio hasiera. Egun horretan kanporaketak jokatuko dira eta zortzi taldek parte hartuko dute. Berako kiroldegian ariko dira.
Jaialdi haundia urriaren 3an
•11:00etan: munduko jokoak.
•14:00etan: futbito txapelketako hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko partida.
•16:00etan: futbito txapelketako finala.
•17:00etan: Inti Kausay elkarteak manifestuaren irakurketa eginen du.
•17:10ean: bertsolariak.
•17:30ean: futbito txapelketako sari banaketa.
•17:45ean: dantza saioak: La Marinera Norteña (Peru), Alma Latina taldea (Ekuador) eta tangoa eta Cesan kantaria (Argentina).
•19:00etan dastaketak, Inti Kausayren eskutik.
•20:00etan: dantzaldia.
Aipatutakoaz gain, egun osoan haurrentzako txokoa eta Amazoniako indigenei buruzko erakusketa eta bideoak izanen dira ikusgai.