Ez dugu zorte haundirik izan aurtengo bestetako eguraldiarekin. Bezpera eta San Miguel egunean ateria egon bazen ere, gaineko egun guzietan agertu nahi izan du euriak, goizez edo arratsaldez. Halere, tarteak aprobetxatuz, egitarau osoa bete ahal izan da. Ez gara hemen hasiko ekitaldiz-ekitaldi dena aipatzen, baina, agian, ez litzateke gaizki etorriko zenbait gauza azpimarratzea: San Miguel eguna borobila atera zen; meza izan genuen goizez eta dantzari saio ederra arratsaldez -ez gara nekatuko dantzariekin aritzen diren herritarren lana laudatzez-. Larunbateko herri-kirol saioa ere ikusgarria izan zen; alde batetik bertakoek -Gau-pasa eta Egun-pasa taldekoek- prestatutako apostua, eta bertzetik, Loiarte zubietarrak irabazitako Nafarroako 2. mailako aizkolarien final ederra. Ondotik bertsolariak izan genituen -ez da azken urteotan giro izugarria bertsoetan-. Igandea pilotaren eguna izan zen. Goizez azgazkian ageri diren 26 haurrek jokatutako Txapelketaren finalak jokatu ziren. Txapeldunak Julen Taberna eta Aitor Begino ttikienetan eta Ane Sainz eta Ibai Retegi kategori nagusian izan ziren. Arratsaldez afizionatuen arteko bi partidu jokatu ziren. Astelehenean herri bazkaria izan zen ekitaldi nagusia. A zer giroa bertakoa! Ia bederatziak baziren Baratzondotik jendea atera orduko. Lehengoak aisa atzentzen dira, baina, horrelako giroa guttitan izan dela erraten zuen jende guziak.