Rafa Maritxalar, atletismoa eta garraioa lotzen dituen korrikalaria

Aitor AROTZENA 2009ko irailaren 14a

Entrenamenduak bertze gisa batera egiten ditu orain

Aspaldi xamar ez dugu Rafa Maritxalar korrikalariaren berri izan prentsa bidez, baina, aldi berean, inoiz baino gehiago ikusten dugu herrian. Azkeneko urteetan Iruñean bizitu da, bertako erresidentzia batean, atletismorako prestakuntza lantzeko asmoarekin. Aurten, ordea, bertze gisa batera prestatzea erabaki du eta korrika egiteaz gain, aitaren garraio enpresan hasi da lanean. »Atletis­moa beti bertze lan batekin konpaginatzen saiatu naiz, emaitza hoberenak orduan lortu baitut. Lehen Iruñeko kirol denda batean aritzen nintzen, orain berriz, aitaren enpresan».

«Kros herrikoiak pistako konpetizioa baino nahiago ditut»
Atletismoari eskainitako urte hauetan marka ederrak egin ditu. Batez ere 1.500 metrotan aritzen da pistan, baina gehien gustatzen zaizkionak, kros herrikoiak dira. «Pistako probak hagitz konpetitiboak dira, postu eta marka ona egitera bertzerik ez zara ateratzen. Kros herrikoietan, berriz, bertze jendearekin harremanatzen zara, atletismoa bertze gisa batera ikusten dutenak eta politagoa da» dio Rafa Maritxalarrek.
Pilarika egunean Iruñeko Milian parte hartzera gonbidatu zuten, Reyes Estevez eta bertze korrikalari handiekin batera. Espero bezala, ez zuen postu onik lortu, baina «polita izaten da horrelako korrikalarien ondoan egon eta argazkietan beraiekin ateratzea. Oroitzapen polita da». Aitzinera begira, Lizuniagako Igoeran parte hartzea gustatuko litzaioke, beti ere bere burua prestatua ikusten badu: «Sekulan ez dut egin Lizuniagako Igoera eta gustatuko litzaidake aurten egitea. Baina horretarako ongi entrenatu behar dut eta nere burua prest ikusi. Izan ere, hemen ez da ona edo txarra izatea: entrenatu egin behar duzu».

«Atletismoa hiru hilabetez utzi nuen»
Atletismoa erabat uzteko punttuan izan da aurten Rafa Maritxalar, baina azkenean bere afizioak irabazi du. «Atle­tismoa uzteko erabakia hartu nuen, baina hiru hilabete bertzerik ez nuen aguantatu. Berriz ere txirrinta sartu zitzaidan eta entrenatzen hasi nintzen. Ilusioa hartu nuen eta entrenamendu onak egin nituen. Berriz ere, nire lehenbiziko entrenadorearekin hasi naiz, Julen Olamusurekin, eta hagitz kontent nago. Izan ere, Iruñean ongi entrenatu arren, ez nintzen sobera konforme entrenamendu batzuk planteatzeko zuten moduarekin. Bertze gisa batera ariko naiz».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun