Lizuniagako Igoeran parte hartuko duten lasterkalariek irekiko dute bertze urte batez Lurraren Eguna. Ondotik, Bortzirietako baserrietako produktuek eta artisauen lanek hartuko dute protagonismoa. Musika ere nonahi izanen da egun guzian. Goizean Berako trikitilariak eta Musika Eskolako banda, akordeoilari eta txistulariak ibiliko dira karrikaz-karrika.
Bazkalondoan, berriz, txaranga, trikitixa eta bertso doinuak izanen dira aditzeko, baita perkusio talde baten emanaldia ere. Azkenik, Altzateko plazan Irats taldeak joko du gasna enkantearen ondotik, eta gauez Arantzako Ziorek taldea ariko da eskenatokiaren gainean.