1996ko martxoaren 24an jokatu zen Gure Txokoa eta Beti Gazteko futbol talde nagusien arteko azken derbia. Matzadan 1-4 irabazi zuten lesakarrek ligako azken aitzineko partiduan eta hurrengo norgehiagoka irabazita Preferentera itzultzea lortu zuten. Lau denboraldi egin ditu bertan Beti Gaztek eta iaz Erregionaleko lehen mailara jautsi zen. Gure Txokoakoak, berriz, bigarren mailara ere jautsi ziren duela bi denboraldi. Iaz igo egin ziren eta nahiko lan izan zuten mailari eusteko. Aurten kontuak aldatu dira. Beratarrek liga hasera bikaina egin dute eta laugarren jardunaldian liderrak ziren. Lesakarrak ere ongi hasi dira. Azaroaren 12an, lau urte terdi beranduago, Bortzirietako betiko derbia ikusi ahal izanen da Berako Matzada zelaian.
Gure Txokoa azken hogei urteotako aldi txarrari buelta ematen saiatuko da: 1990. hamarkadan sei partidu jokatu dituzte elkarren artean eta lesakarrek bortz irabazi dituzte eta bertzea berdindu. Paperetan begiratuz, beratarren azken garaipena 1981. urtean izan zela ageri da, Kristo-Enean jokatutako partiduan. Denboraldi hartan, bigarren itzulian, Toki-Ona zelai estreinatu berrian galdu egin zuten beratarrek eta geroztikan ez diote bizilagunei partidu ofizialik irabazi. Egia da, dena den, azken urteetan guttitan suertatu direla kategoria berean jokatzen.
«Muga aldeko futbol ikuskizun gorena»
Baina Bortzirietako futbol derbia ez da azken hogei urteotako kontua. 1940. hamarkadako Campeonato del Bidasoa eta Copa Frontera txapelketetan ikusmin ikaragarria pizten zuten beratarren eta lesakarren arteko norgehiagokek. 1950eko Diario Vasco egunkarian, muga aldeko futbol ikuskizun gorena zela uste zuen Bizkay kazetari lesakarrak: «el sensacional “match” Gure Txokoa-Beti Gazte, cuyo acontecimiento que tendrá lugar el próximo domingo, constituye la máxima expectación futbolística de la frontera, cuyo escenario será el histórico campo de Aguerra».
50 urte beranduago, azaroaren 12an, Matzadan jokatuko dute bi taldeek eta ez da errexa faboritoa zein den erratea. Bi taldeek jokalari beterano eta gazteen arteko nahasketa polita dute aurten. Entrenatzaileek ere ez dute beraien burua faboritotzat jotzen, baina Miguel Dagerre beratarrak eta Joxe Mari Erkizia lesakarrak helburu bakarra dute: «Partidua irabazi behinipein».