* Patxi Vila beratarrak 25 urte bete zituen urriaren 11n. Urtebetetzeko opari ezin hobea jaso zuen, profesionaletako Banesto taldeak bi urterako fitxatuko zuela segurtatu baitzion.
* Etxabarri zuzendariak hiru itzuli handietako bat eginen duela erran dio: «Espainiako Vuelta edo Italiako Giroa izanen direla suposatzen dut».
* Joan den neguan, Espainiako eta Europako Neguko Triatloi txapelketetan nabarmendu zen Vila: «Nire lana txirrindularitza dela jakinik, bertze modu batera hartu beharko dut orain denboraldia».
Aurten profesionaletarako pausua ematen ez bazuen, Portugal edo Italia aldean proba egiteko aukera aztertua zuen Patxi Vila txirrindulari beratarrak. «Hemen, Euskaltel taldean ez bazen hagitz zaila zegoen. Horregatik, Jose Mari Ezeiza nere errepresentantea Italian begiratzen hasia zen. Italiakoa ateratzen ez bazen, Portugalera jotzeko asmoa nuen». Azkenean, ordea, Banesto taldeak eman dio profesionaletara salto egiteko modua ustekabean: «Ez nuen inondik espero, Banesto afizionatuetako bere taldea duelakoz. Talde horretatik pasatu gabe Banesto profesionalera zuzenean igo den hirugarren txirrindularia naiz. Gainera, ez naiz ni beraiengana joan, Banesto taldeak jo du niregana eta hori pozgarria da, zuk egindako lana estimatzen eta kontuan hartzen dutela erakusten baitu».
Afizionatuetako azken denboraldi ona egin du Patxi Vilak Caja Rural taldearekin: «Ekaina arte ongi ibili nintzen, karrera pare bat irabazi nituen eta hagitz gustora ari nintzen. Itzuli handietan aldiz, joan den urtean Nafarroako Itzulian eta Bizkaiako Biran egindako postuengatik, nahiko kontrolatua nengoen. Nafarroako Itzulian, eurek irabaztera baino nik ez irabaztera jokatu zuten zuzendari batzuk. Uztailan atsedena hartu nuen eta morala nahiko baxua nuen. Denboraldia aitzinera zoaiela ikusten nuen eta egun bateko karreratan ongi ibili arren, itzuli haundiak irabazteko zerbait falta nuela iruditzen zitzaidan».
«Bortz urteko lana azken hilabete terdian jokatu nuen»
Uztaileko atsedenaldiaren ondotik, bere etorkizuna denboraldiko azken txanpan jokatu behar zuela pentsatu zuen Patxik. «Hilabete terdian bortz urte jokoan nituela eta eutsi behar nuela erran nion nere buruari. Hor goian lekua nuela erakutsi behar nuen eta hiru astetan nire bizitzako entrenamendurik gogorrenak egin nituen eta Zamorara moralez eta sasoi puntuz ongi joan nintzen eta itzulia irabazi nuen. Gero Palentziara joan nintzen. Han presio gehiago nuen, faboritoa nintzelakoz, itzulia gogorragoa zen, maila handiagokoa, baina lasai atera nintzen. Han berriz irabaztea suertatu zitzaidan eta lasai gelditu nintzen nire buruarekin: faborito bezala ateri eta horri erantzuteak zenbait gauza erran nahi ditu».
Orain Patxi Vilak lekua hartu nahi du Perico Delgado, Miguel Indurain edo Alex Zulle bezalako txirrindulariak ezagutu dituen Banesto talde handian. Ikastea bertze helbururik ez dio paratzen bere buruari: «Profesional bat izaten saiatuko naiz, horrek erran nahi duen guziarekin: nire aldetik dudan guzia jarri, prestatu, zaindu eta taldeari ahalik eta gehiena eman. Lehendabiziko urte honetan ikasi nahi dut. Mundu berri bat da eta mila gauza daude ikasteko, gogo aunitzekin nago».