Suharrizko tresnak ere topatu dituzte Saltus Vasconum taldeko kideek
Aitor AROTZENA | LESAKA
Agiña kaskoko indusketa lanak bukatutzat eman zituzten abuztuaren 31n. Indusketa hauek, Saltus Vasconum erakundeko Francisco Valle de Tarazaga eta Pedro Arresek zuzendutako arkeologo talde bateko egin ditu abuztuko azken bi astetan. Nafarroa, Ingalaterra eta Australiako arkeologo eta boluntarioekosatzen dute taldea. 2007an prospekzio geofisiko bat egin zen, kasko honetako lur-azpian egon zitekeen egitura identifikatua zuten. Urte berean, kata ezberdinak ireki ziren eta honela, harrizko pareta baten eta zulo baten presentzia ikusi zuten. Aurten egin diren lanek baieztatu egin dute Burdin Aroko eremu harresitu bat dagoela bertan, harresi batekin perimetro osoan zehar eta 2 metroko sakonera duen zulo edo hobi batekin. Aurkitutako elementuen artean, suharrizko tresnak aurkitu dira, Burdin Aroan oraindik erabiltzen zirenak.
Elementu garrantzitsuenen artean 5 metroko altuera duen harresia eta hobi sakon bat daude. Francisco Valle de Tarazaga arkeologoaren arabera, “Agiña inguruko biztanleek eraiki zuten seguruenik harresi hori lurraldearen kontrola izateko, puntu altu bat delako eta eskualdea ongi bistaratzen delako hortik. Defentsa ahaltsua zeukaten biztanleen segurtasunerako, erasoen aurrean defendatzeko. Halaz ere egunez egun inguruko esplotazio txikiagoetan biziko ziren eta eremu hau behin behineko defentsa tokia izango litzateke”. Arkeologo taldeak azaldu zuen nola “leku paregabean dagoen Agiña kaskoa. Bertatik erromatarren ezarmendu garrantzitsuenak ikus daitezke: Arditurriko meak, Oiassoko portua Irunen edo Baionan kokatzen zen Lapurdum erromatarren ezarmendua”.
Patxi Sarobe “Kirru” lesakarra taldeko kidea da eta lanetan parte hartu du. Saltus Vasconum erakundeak hitzaldiak antolatu eta panel infomatiboak eta esku-orri informatiboak ere banatuko ditu laister.