Berako toki izenak ikertzeko eta horiek erabilgarri eginen dituen euskarria sortzeko beka deialdia egin da

TTIPI TTAPA 2009ko irailaren 11

Eskabideak urriaren 30a baino lehen aurkeztu behar dira eta irabazleak guttienez 3.000 euroko laguntza jasoko du

Bortzirietako Euskara Mankomunitateak eta Berako Udalak Berako toki izenak ikertzeko eta horiek zabaltzeko egitasmoak aurkezteko beka sortzea hitzartu zuten irailaren hasieran. Berako Euskara Batzordea hainbat hilabetez aritu da proposamena mamitzen. Izan ere, 1991n toponimia mapa egin zenetik, bazen beharra Berako toponimia osatzeko eta eguneratzeko. Euskara batzordearentzat, bi dira premia nagusiak: bildu gabe dauden toki izenak biltzea, eta gainerakoekin batera euskarri digitalean sartzea, alde batetik, eta bertzetik, herritarrek Berako toponimoak ezagutu eta zuzen erabil ditzaten euskarriak proposatzea.
   

Helburua
1991n egin zen toponimia mapari, falta diren txokoetako izenak gaineratu behar zaizkio, baita ordutik egindako etxe berrien izenak ere. Eta horiek euskarri informatikoan bildu behar dira, etorkizunean zabalkunderako zernahi bide erabiltzeko derrigorrezkoa baita aurrelan hori egitea. Zabalkundea baita lan honen guztiaren helburu nagusia: herritarrek euren herriko toki eta txokoen izenak ezagutu eta zuzen erabiltzea. Horretarako euskarri egokiak zein izanen diren erabakitzeko, Berako Udalak proposamenak jaso nahi ditu lehenagotik, eta beraz, zabalkunderako egitasmoak taxutzea litzateke hautagaien lana. Edozein gisatara, bekadunaren egitekoa euskarri egitasmoa aurkeztea izanen da, eta ez euskarria bera.

Oinarriak
Hautagaiek lana egiteko epea izanen dute 2010eko irailaren 15era arte. Erdi edo goi mailako unibertsitate titulua izan beharko dute, eta EGA titulua edo baliokideren bat. Pertsona bakarra edo taldea aurkeztu ahal izanen da lehiaketara. Eskabideak 2009ko urriaren 30erako aurkeztu behar dira, 14:00ak baino lehen, Bortzirietako Euskara Mankomunitatean. Laguntzaren diru kopurua 3.000 eurokoa izanen da gutxienez. Informazio gehiago eta oinarriak eskuragai dituzue www.bortziriak.org webgunean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun