Berako zenbait karrika izenez aldatu eta etxe batzuk berriz ere antolatu dituzte. Ez da atzo goizeko kontua, aitzineko legealdian Udalbatzak hartutako erabakia baita. Dena den, berriki hasiak gara horren ondorioak somatzen, Correosek eskutitzak banatzeko orduan xuxen idatzirik ez dauden helbideak itzultzeko erabakia hartu duelarik. Izan ere, gaur den egunean karta gehienak lehengo helbide zaharretara bidaltzen dira oraindik, eta orain arte postariek karta bakotxa bere nagusiaren etxera eramateko lana hartu badute ere, hemendik aitzinera gaizki daudenak bueltan igorriko dituzte zuzenean. Bidaltzailearen daturik agertzen ez bada posta bulegoan geldituko dira kartak. Beraz, komeni da behingoan helbide berriak ikasten joatea.
Izen berrien zerrenda:
Lehen Pio Baroja karrika zenak Julio Caro Baroja izena hartu du orain, eta Suspelttiki zena Hegoalde da orain. Hego Suspela karrikak Ugalzubia izena hartu du, eta Itzea karrikatik Altzatera doaien estrata estu horrek Mugaldea izena du orain. Altzateko Plazatik Lamixine aldera doan karrikak, berriz, Pio Baroja izena hartu du.
Kaxernatik Matzadara bidean dauden baserri guzi hoietara eskutitzak bidaltzeko Suspelttiki karrika idatzi beharko da helbidearen tokian. Berako plazatik goiti dauden etxeetan (Casas Baratas) ere izan da aldaketarik, gaur egun Plaza Zaharra baita horko izen ofiziala.
Arantza eta Igantzi plazak
Agerran estreinatu berri dituzten babes ofizialeko etxeetan, bi plaza berri izanen dira orain, Arantza plaza eta Igantzi plaza hain xuxen.
Hauek dira karriken berrantolatzeak ekarri dituen aldaketa nabarmenenak, bainan erran behar da etxeen zenbakiak ere aldatu dituztela zenbait tokitan, nahiz eta karrikak lehengo berak izan.
Beraz, aldaketa guzi hoietaz aldez aurretik informatzea da hoberena, bidaltzen ditugun eskutitzak ahalik eta lasterren hartzailearen eskuetara ailegatzea nahi badugu.