”Neretzat problemarik latzena atakatik kanpora da, biziekin”

Asier GOGORTZA 2009ko irailaren 11

"Jendeak sobera beldur die hilei, nik uste hilek ez dutela bueltarik. Hemen ez da inor agertzen, inor mugitzen, inor ez da kejatzen."

* Orain 57 urte Arantzan sortua, 1966an espostu zen Berarat, andrea ere aranztarra izanagatik.
* Igantzi eta Berako kanposantuko lanak berak eramaten ditu azken 7 urteo­tan, eta Aran­tzakoa ere eduki zuen bolada batean.
* Horrez gain baditu 30 urte Berako fabrika zaharrean lanean ari dela.
* Bere kanposantuko lana estimatzen badute ere, jendeak erreparo dexente baduela erran digu Jabierrek.
* Hil berriei lur-eman zien lehen alditan gaizki pasatu omen zuen, bainan “denborarekin horretara ere jartzen zara, mentalizatuz gero” dio.

Egunotan normalean baino lan gehixe­ago izanen duzu San­tu Guzien eguna dela eta…
Bai, pintatzen, gurutzeak eta tapak garbitzen… lore aunitz bada hemen urte guzian, eta usteltzen direlarik kanpora ateri behar dira. Gero gazte bat hartu dut ateak pintatzeko…
Gainerakoan zein izaten da zure lana?
Nere lana zuloak egin, hilei lur-eman, tapatu eta kanposantua garbia kontzea. Hori dena pikotza eta palarekin egin behar da, eta gogorra izaten da. Denetik tokatzen da, ezagunak, lagunak, familiakoak… bainan nahitanahiez egin behar da, ez du bueltarik. Lehenbizian gogor xamarra egiten da baina gero jartzen zara, bertze lanetan bezala. Orain 10-12 urte hildakoak oso-osorik harrapatzen ditu­zu eta kanpora ateri behar dira­ zuloak handitzeko, hori gogorra da.
Jendeak begi onez ikusten du zure lana?
Kontent direla iduri du, estimatzen dute nere lana. Erreparo pixko bat ere izaten dute, batzuk beldurra diote.
Ez duzu uste jendeak sobera mamu duela hilen inguruan?
Bai, batzuk familiakoak hiltzean ere ez dira etortzen. Jendeak sobera beldur die hilei, nik uste hilek ez dutela bueltarik. Hemen ez da inor agertzen, inor mugitzen, inor kejatzen. Ne­retzat problemarik latze­na da atakatik ateri eta kanpo­an, biziekin, ez hauekin­. Hori aunitz aldiz erran dut. Mentaliza­tuz gero, hemen ez da deus ere.
Hala ere jendeak ez du lan hau hartu nahi izaten, batez ere herri ttikietan.
Etxalarren adibidez ez zuten inor harrapatu eta albinteari erran zioten. Neri erran zidaten bainan ia ezin nuen, ez naiz denetara ailegatzen. Urrotzen uste dut famili­akoak lur-ematera ailegatu direla.
Honek ongi funtzionatzeko hiru herri hartu behar ditu lurperatzai­le batek. Fijoa egin, bere jornala eta gizarte segurantzarekin… hiru herri problemarik gabe eramaten ahal dira.
Tokiz ere nahiko eskas dabil Berako kanposantua.
Hau zanpetaraino betea dago, ez dago tokirik batere. Berria egin behar dela ari dira pentsatzen, errekaren ondo­an egin nahi dute. Orain sistema berria ere ateri dute, erretzea, Errente­rian egiten ahal da, bainan nahiko garesti omen da, 300.000 pezeta.
Gaur egun hagitz garesti da hiltzea.
Bai. Hiltzea bakarrik aski ez dela, dena probexteko esperoan dago jendea. Kajak, koronak, kristoren gastuak. Dirua jarri da nagusi, martxa txarra. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun