Azaroaren 1ean ospatu zen bortzgarren Baserritarren Eguna. Aurten inoiz baino postu guttiago izan dira baina, aldi berean, inoiz baino jende gehiago hurbildu zen bertan zeuden baserriko produktuak, eskulanak… ikustera. Aranztarrak ez ezik, Bortzirietako eta inguruko bertze herrietatik ere etorri ziren bisitariak. Hurbildu zirenen artean bertako produktuekin osatutako zare eder bat zozketatu zen eta aurtengoan Patxi Iturriak eraman zuen. Eguerdian Ekaitza elkartean bazkaldu zuten, Zeberio eta Mendizabal bertsolariek eta Pasaiako txarangak alaitutako bazkarian.
Bertzalde, azaroaren 3 eta 4an ospatu ziren Kultur Egunak. Ortziral arratsaldean haurrentzat tailerrak antolatu ziren. Partehartzea hagitz handia izan zen eta haurren erranetan, hagitz ongi pasatu omen zuten. Horren ondotik, berendua izan zuten eta denak Kollins Klown taldeak eskainitako Garbantxo eta Txanagorritxo antzezlanak ikustera joan ziren. Larunbatean, berriz, Mairu taldeak «Trizikloa» antzezlana eskaini zuen. Jon Bergaretxeren kantaldirik ez zen izan, gaizki ulertu baten ondorioz.