Diario de Navarra egunkarian publizidaderik ez sartzea eskatu zuen EH taldeak urriaren 6ko batzarrean. EHren ustez, «urteak dira eremu euskalduneko herrien izenak nola erabili onartu zela. Gobernuak Lesaka «K»z idatzi behar zela erabaki zuen, baina Diario de Navarra egunkariak oraindik Lesaka «C»z idazten du, garbi utziz errespetu falta ikaragarria eta gure herriarekiko mespretxua». Jarrera aldatzen ez duen bitartean egunkari horretan inolako udal iragarkirik ez jartzea eskatu zuen EHk. Alkatearen ustez, mozio honek «arrazoi morala izaten ahal du, Diario de Navarrak Nafarroako Gobernuak dekretoz hartutako neurri bat ez duela betetzen ikusirikan». Dena den, edozein lehiaketa probintziako tirada handieneko bi egunkarietan argitaratu behar dela kontuan hartuz, «udala administrazio publikoa da eta derrigorrez bete behar ditu lege batzuk» adierazi zuen alkateak.
Orduan, zera galdetu zuen EHko zinegotziak: «Legeak behartzen bagaitu egunkari horretan iragarkiak agertzera, nola ez du behartzen egunkari horretan izendegi ofiziala erabiltzera?». Alkateak, berriz, honakoa erantzun zuen: «Diario de Navarrak edo bertze edozein pertsona edo entitate pribatuak legetik kanpora funtzionatzeak ez du lortuko udal honen funtzionamendua legetik kanpo ateratzea».
Bertzalde, Jose Luis Etxegarai izanen da udal ordezkaria ANIMSA erakundeak azaroaren 30ean eginen duen ez ohiko batzarrean. EHk Jose Luis Atorrasagasti izatea proposatu zuen.