Gaizka SARASOLA Musikari eta antzezlea LESAKA

ttipi-ttapa 2009ko irailaren 10a

Dantzari, antzezle, musikari… artistatzat duk hire burua ?
Ez, artista deitzea soberaxko izanen da, kultur gaietan interesatua bertzerik ez.
Antzerkian hasi hintzenean, espero huen Bilboko Kafe Antzokira ailegatzea?
Ez, inork ez genuen espero. Sorpresa izan da denontzat.
Hurrengo pausua, Hollywoodera…
Ikusiko dugu eskaintzak nolakoak diren…
Eta dantzan hasi hintzenean, espero huen Sanfermin eguneko aurreskua dantzatzea?
Ttikitan hasi nintzen dantzan eta orduan ez dituzu honelako gauzak pentsatzen.
Zer sentitu huen aurtengoan, lehen aldiz dantzatu hukenean?
Dantzatzerakoan ez nuen deus berezirik sentitu, baina aitzinetik banuen urduritasun eta emozio berezi bat.
Nola sentitzen duk gehiago aurreskua, dantzan edo txistuarekin jotzen?
Aurreskua dantzatzea gehiago gustatzen zait, protagonistagoa zara.
Antzezle, dantzari eta musikari baten izena galdetuz gero?
Antzezlea, Harvey Keitel. Dantzaria, aurreskua dantzatzen ikusi ditudanen artean, Jabier Fagoaga eta musikariak, milaka ditut gustoko.
Tantirumairu dantza taldekoekin, noraino ailegatu haiz?
Bretainiaraino ailegatu gara eta dantza gustatzen zaion jende aunitz biltzen den edozein lekura joanen ginateke gustora.
Zer nahiago, musika konposatzea, jotzea ela irakastea?
Jotzen denaren eta ikaslearen arabera, jotzea eta erakustea errexa da. Zailena konposatzea dela iruditzen zait.
Feria eguna gainean dugu… Musika alde batera uzten duk?
Jo ez dugu egiten… Trikitilarien eta ostatuko musikarekin gozatu.
Feria egun horretarako planik onena?
Eguerdian ateri, giroa ikusi, lagunekin bazkaldu eta hortik aitzinera…

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun