Azken bolada honetan herrian hautsak ederki harrotu diuen gaia dakarkigu oraingo ale honetara. Berrizaunen Orsa enpresak paratu nahi den industria berriaz ari gara. Aipatutako enpresa Lesakako Alkaiaga auzoan ari da lanean gaur egun, Txantreren harrobiaren inguruan, eta ezagutzen ez diren arrazoiengatik asfalto beroak prestatzeko planta Berrizaunera ekartzea erabaki zuen. Horretarako, Berrizaungo industria eremuan lur zati bat erosi zion ATMri, gibeleko aldean.
Auzotarrek, honen berri izan zutenean, zenbait aldiz bilera eskatu omen zioten alkateari, euren erranetan «karta zertifikatuz ere», baina erantzun positiborik lortu gabe, nonbait. Gauzak horrela, hamabortzen bat auzotarrek abenduaren 7ko plenora joatea erabaki zuten, «hauekin elkartzeko modu bakarra baita». Pleno aretoan, euren kezkak agertu zizkieten zinegotziei eta «inongo aportazio positiborik egin gabe, Berrizaun auzoari kalte aunitz ekartzen ahal dizkion enpresa bertan ez onartzea» eskatu zieten.