Ikusmin handia piztu du barandilla berriaren diseinua aukeratzeko lehiaketak. Denetara 31 lan aurkeztu dira, aunitz Berako jendearenak, bainan baita Gipuzkoatik, Nafarroako bertze herrietatik, eta harrigarria izan arren Hego Ameriketatik ere ailegatu da proposamen bat. Joan den asteazkenean epaimahaia azken erabakia emateko bildu zen Herriko Etxean, eta lan guzien kalitatea azpimarratu badute ere, Gorka Ibargoienen “Stylos” izeneko proiektua aukeratu zuten.
“Stylos”, San Miguel zubia eta izokiak
Bigarren saria Mikel Telletxea 25 urteko beratarrarentzat izandu da, San Miguel zubian oinarritutako diseinuarengatik. Hirugarren, berriz, Ruben Sanchez irundarra izan da, Bidasoako izokietan oinarritutako lanarekin. Bi hauek 30.000 eta 20.000 ptako sariak jasoko dituzte.
Gorka Ibargoienen diseinuak Berarekin muga egiten duten zazpi herriak irudikatzen ditu marra bihurtuen bidez. Barandillaren zutabeetan, berriz, Berako armarria agertuko da erliebean. Barandaz gain, kale peatonalak eta kotxeentzako errepideak bereizteko zutabe ttiki batzuk ere aurkeztu ditu diseinu berdinean oinarrituta.
Lehiaketan parte hartu duten diseinu guziak jendaurrean jarriko dira Kultur Etxean. Erakusketa hau Eguberrien ondoko astean irekiko da, eta erakusketa irekiko den egunean bertan banatuko dira sariak