“Bikoteka ongi moldatzeko aitzineko jokua ikasi behar dut”

Aitor AROTZENA 2009ko irailaren 9a

"Profesionaletara salto egiteko ametsa beti hor dago, baina 18 urterekin bada aunitz ikasi beharra. Pixkanaka egin eta denbora ailegatzean salto egitea hobea da."

* Iban Zubieta 18 urteko aurrelariak Lizarran Guillermo Mazoren omenez jokatutako lau terdiko txapel­keta irabazi zuen gazte mailan aben­dua­­ren 11n.
* Larraungo Azpirotz-i 18 eta 11 irabazi zion finala, honela Nafarroako lau terdiko txapela eskuratuz. 7-11 galtzen joan ondotik, tantu guziak segidan egin zituen beratarrak.
* Gure Txokoa taldearekin pilotan aritzeaz gain, Injenieritza ikasketak egiten ari da. Afizionatu mailan oraindik ikasteko aunitz gelditzen zaiola uste du.

Nafarroako gazte mailako lau terdiko txapelketan nagu­situ da Iban Zubieta be­ra­tarra. «Finala gogorra izan zen. Ni gaizki hasi nintzen eta Azpi­rotzek bere pilota ateri eta aisa dominatzen zidan. Hasieran, beti aitzinetik joan zen, 7-11 bitarte. Gero, pixkanaka hasi nintzen hobe jokatzen eta 18-11 irabazi nuen». Aitzinetik, lau eskualde­tan banatu ziren Nafa­rroa­ko pilotari gazteak. Multzo ba­koi­tzeko lehenbizikoa sailkatu zen azken faserako. Txapelketa honetaz gain, lau terdiko partidu gehiago jokatzen ditu Zubietak, herrietako bestetan batez ere. Baina ez du bere bu­rua modalitate honetako espezialistatzat jotzen: «Ni gustora aritzen naiz distantzia horretan eta partidu politak egin ditut. Baina hor ikusi behar da bikoteka nola moldatzen zaren. Ni bezalako aurrelari batek aitzineko joku hori ikasi behar du, bi paretak, dejadak…».

«Gure mailan ez da arazorik pilotekin»
Joan den urte akabailan profesionalen artean jokatutako lau terdiko txapelketan, zer erran ugari sortu zituen piloten aferak. Zubietak dioenez, «gure kategorian ez dugu horrelako arazorik izaten, pilota gehienak berdintsuak baitira. Txapelketa antolatzen duenak ateratzen ditu eta orain arte ez da kejarik izan». Atze­lari jotzaileak baino seguruak direnak ge­hia­go estimatzen ditu, bikoteka ari denean: «Jen­de­ak ikusteko na­hi­a­­go izaten du aunitz jotzen duen atzelaria, tokea duena. Baina jokatzeko, seguruxeagoa den atzelari batekin gustorago aritzen naiz, tantoa ge­hiago luzatzen da eta. Ahal dela, segurua izatea».
Profesional mailako ispiluan begiratuz, maila handiko pilotariak ikusten ditu Zubietak: «Badira pilotari aunitz, hagitz onak direnak. Aitzinean, Titin izanen da gaur egun onena nire ustez eta atzelarietan Beloki erraten dute. Gazteen artean Ai­mar Olaizola gustatzen zait aunitz, hagitz pilotaria da. Goñi ere hor dago, baina ez dakit berea guzia ematen duen». Noizbait bere burua pilotari horien artean ikusteko ilusioa ere badu Zubietak, baina ez du presarik. «Amets egiten da, baina 18 urterekin, hemen bada aunitz ikasi beharra eta aunitz entrenatu beharra. Hobe da pixkan-pixkan joan, afizionatu mailan egiten joan eta denbora ailegatzen denean, orduan egin saltoa».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun