Heldu den apirilaren 1ean abiatuko da Himalaya aldera Martiko-Shisha Pangma 2001 Bortzirietako espedizioa. Han 8.046 metroko mendi puska izanen dute esperoan, gailurra lortuz gero, euren bigarren zortzimilakoa izanen dena.
Xabier Zubieta, “Loro” Pikabea, Patxi Pikabea, Sabino Korta eta Andoni Zulaikak osatuko dute espedizioa. Lehenbiziko lauak Gasherbrum II mendira egindako espedizioan parte hartuak dira, bainan Andoni Zulaika zestoarrak bere lehen zortzimilakoa izanen du hau.
Alkaiaga industrialdeko Martiko fabrikan eginen dute aurkezpena, arratsaldeko 7,30etatik aitzinera. Espedizioari buruzko xehetasunak azaltzeaz gain, mendizale hauen irudiak erakusten dituen bideo bat izanen da ikusgai.