Gainean dugu Ertz jaialdiaren hamargarren edizioa, bertze musiken jaialdia deitua. Bertze urte batez denetariko musika doinuak entzuteko aukera izanen da Beran, Donostian eta Tolosan (Gipuzkoa) eta Hazparnen (Lapurdi). Aurten hamar urteko ibilbidean ezagututako hainbat artista gonbidatu dituzte berriz.
Irailaren 9an, arratseko 20:00etan emanen zaio hasiera Donostiako Tabakaleran jaialdiari, Charlemagne Palestine taldearekin, eta biharamunean ere Tabakaleran izanen da Ertz jaialdiko emanaldia, Francisco Lopezen esku, 20:00etan.
Larunbat eta igandean Beran
Hilaren 12an, larunbatean, Berako Kultur Etxean, IIO taldea izanen da 19:00etan eta Toshimaru Nakamura & Ignaz Schick; Ander Lipus, Miren Gaztañaga & Xabi Strubell; Gregg Kowalsky; Alex Mendizabal eta Tzesne_Paralux taldeek emanaldia eskainiko dute 22:00etatik aitzinera. Hilaren 13an, igandean Berako Kaxerna gaztetxean Mattin, Emma Hedditch, Anthony Iles & Howard Slater; Alex Mendizabal, Jakoba Errekondo, Juan Jose Aranguren; Adi Bera eta Mursego izanen dira, 17:00etatik aitzinera.
Tolosa, Donostia eta Hazparne bukatzeko
Irailaren 14an Tolosako Bonberenean Improvisando Gaztetxes taldea ariko da 19:30ean eta Donostiako Artelekun Ruido y Capitalismo workshop eta Mattin, Emma Hedditch eta Anthony Iles & Howard Slater ariko dira. Ertz Archive#1 ere ikusgai izanen da. Irailaren 19an, azkenik, Hazparneko Ttattolan Akauzazte Danok, Trio Moraine, Oier I.A. eta Islaia ariko dira.
Berako Ertz Elkartearekin, Kultur Batzordearekin eta Udalarekin batera, Donostiako Arteleku eta Tabakalerak, Hazparneko Eihartzea kultur etxeak, Tolosako Bonbereneak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatu dute aurtengo Ertz jaialdia.