Guatemalako haurren hezkuntza ordaintzeko laguntza eskean

Asier GOGORTZA 2009ko irailaren 8a

Igandean bilkura egin zuten Lagun Artean taldeko bolondresek

Asteburu honetan bildu dira Berako Kultur Etxean Lagun Artean taldeko kideak. Proiektu honenarduradunak (Guatemalatik hitzaldi hauek ematera espres etorriak) eta hemengo boluntarioen arteko kezka eta zalantza trukaketa aberasgarria izan zen igandekoa.
Talde hau Getxon sortu zen 1997an, bainan azken urteotan eskualde hone­tan ere bildu ditu hainbat atxekimendu. Denetara 30 bat lagun dira Baztan-Bi­dasoan Gua­temalako haurrak lagun­tzeko kon­promezua hartua dutenak. Hoien laguntza ekonomikoari esker hango bertze hainbertze haurrek lehen hezkuntza, bigarren hezkuntza edo batxilergoa ikasteko aukera dute gaur egun.
Instituzioetatik at
Lagun Artean, izenak dioen bezala, pertsonen arteko proiektua da, ez du inolako institu­ziorekin zerikusirik. «Hezkuntza ona jaso­tzea da bizi duten egoe­ra latza aldatzeko auke­ra bakarra, nahiz eta zaila izan» adierazi digu Joxerra Lopezek, La­gun Artean boluntario taldeko kideak. «Han komite batek erabakitzen du zein diren beka jaso behar duten haurrak –familiaren jarreragatik, ahalmen ekonomikoarengatik…–, gero eta gehiago dira beka hoiek behar dituzten ikasleak» dio. Lehen hezkuntza ikasten hasten direnetatik aunitz dira bidean gelditzen direnak (%40a gutti goiti beheiti). Han­go ikasle bati Lehen Hezkuntza ordaintzeko 1.300 pezeta behar dira hilabetero. Bigarren Hezkuntzara pasatzen direnek jadanik meritu handia dute, batez ere neskak direlarik. Izan ere, 16 urte ingururekin haurdun gelditzeko arrisku handia izaten dute, eta orduan ikasketak uzten dituzte halabeharrez. Bigarren Hezkun­tza 2.200 eta 3.500 peze­ta artean gostatzen zaie hilero. Batxilergoa egiteko, berriz, hirira jo behar dute, internadora, eta hori garestixeagoa da, 7.500 eta 15.000 pezeta artean.
Laguntza ematen duten familien eta jasotzen duten haurren artean harremana zuzena izan dadin, urtero hiru aldiz be­de­ren idaztea eskatzen zaie bi aldeei. Norbaitek bere laguntza emateko asmoa badu, aski du Joxe­rrarekin harremanetan jartzea: 943 647 065 telefonoan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun