«60 urte eta… Beti Gazte» izenburupean Lesakako kirol eta kultur elkartearen historia, anekdotak, datuak eta argazkiak bildu dira Aitor Arotzena kazetariak idatzitako liburuan.
1940. urteko abuztuaren 9an sortu zen Beti Gazte elkartea, Juventudes de Acción Católica elkartearen barnean. Gehien bat, futbolean aritu nahi zuten gazteen ekimena izan zen, baina hasiera beretik, futbolaz gain, txirrindularitza, atletismo, pilota eta mendi atalak izan zituen. Horretaz gain, kultur ekitaldiak ere antolatzen zituen. Otsailaren 1ean elkartearen egoitzan egindako aurkezpen ekitaldian zera zioen egileak: «Futbolak alde guzietan agintzen duen garai honetan gezurra baldin badirudi ere, futbol zelaia egiteko edo epaileak ordaintzeko dirua kultur ekitaldietatik ateratzen zen orduan. Futbola ikustera jende gutti joaten zen. Antzerkia eta zinea ikustera, aldiz, jende pila bat joaten zen asteburuero».
Liburuak bi edizio ditu, bata euskaraz eta bertzea gazteleraz. Bakoitzetik 400 ale argitaratu dira, 350na orrialderekin eta 2.500 pezetatan salgai daude herriko liburudendetan.
Futbolaren berri, hamarkadaz hamarkada
Lehendabiziko kapituluetan, futbolaren gorabeherak aztertzen dira hamarkadaz hamarkada. Elkartearen lehen estatutuetatik hasi, lehendabiziko Bidasoako Txapelketa eta Kopa Fronterako garaipenekin segitu eta futbol talde nagusiaren ibilbidea segitzeko modua dago testu eta argazkien bitartez, garai bateko jokalari eta laguntzaileei egindako elkarrizketekin lagunduta. Azken hogei urteotako talde nagusiaren emaitza guziak eta azken sailkapenak ere ikusten ahal dira. Harrobiari eta Beti Gazte eta Gure Txokoaren arteko derbiari eskainitako kapitulu bereziak ere baditu liburuak.
Bertze kirolak eta kulturarendako tartea
Herri kirolaren tartean, sokatira taldeak 1990. hamarkadan lortutako arrakasta guzien berri jasotzen da, Nafarroako, Euskal Herriko eta Munduko txapelduna izana baita kategoria ezberdinetan.
Pilota ere Beti Gazteren esku egon da 1985ean Arkupe elkartea sortu zen arte eta horren berri ere biltzen du liburuak. Adibidez, 1944tik 1950 bitartean, Bidasoako txapelketa guziak irabazi zituen Beti Gazteko bikoteak. Txirrindularitza, atletismoa eta azken urteotako areto-futbola, saskibaloia, xakea, mendia eta bertze kirolek bere tartea dute.
Kirola ez ezik, kultura ere landu du Beti Gaztek. Hasierako zine eta antzerki emanaldiak, 70. hamarkadako Jakintza Astea edo 90. hamarkadako argazki lehiaketaren berri jasotzen da. Lehiaketa honetan sarituak suertatu diren argazki guziak ere bildu dira liburuan.
Herriko historiaren zati bat ezagutzeko liburu interesgarria, beraz.