Azken urteotako partehartze eskasa eta antolakuntza arazoak ikusita, kaldereroak egin edo ez erabakitzeko bilkura deitu zuen joan den astean Berako Besta Batzordeak. Batzordeko partaideetaz gain aski jende gutti joan zen bilkura hortara, bainan hala ere aurten bederen kaldereroen antolakuntza bere gain hartzea onartu du Besta Batzordeak.
Orain arte Gure Txokoa elkarteak antolatzen zituen kaldereroak, bainan arduradunak nekatu egin dira eta ohitura hau bertan behera gelditzeko arriskuan egondu da. Aurtengoa eginen dela segurua bada ere, heldu den urterako proposamen serio bat egiteko beharra azpimarratu zen bilera horretan, nola edo hala kaldereroak biziberritzeko.
Gazteen partehartzea
Ohitura honek hurrengo belaunaldietan segida izan dezan, ezinbertzekotzat jo zuten gazteen partehartzea sustatzea, bertzenaz guraso eta haurren arteko kontu soila bihurtzen baita. Alde honetatik, ikastetxeetan kaldereroetarako deia egitea eta ohitura hau sustatzea eskatu zuten bildutakoek.
Arazoak arazo eta kontuak kontu, aurten otsailaren 17an herrian izanen ditugu hungariarrak, eta espero dezagun azken urtea ez izatea.