Ortzegun Gizeneko Arraultze-Arraultzeak iragarriko ditu bertze urte batez Iñauteak

ttipi-ttapa 2009ko irailaren 7a

Igande arratsaldean zakozaharrek urteroko ibilaldia eginen dute


Ortzegun Gizen egunez, «Arraultze arraultze, zingar arraultze, bat ez bada bertze» eskatuz ibiliko diren neska-mutikoek emanen diete hasiera bertze urte batez iñaute egunei. Ondotik, atsedenerako asti gehiegirik gabe, asteartera arte izanen da besta egiteko eta mozorrotzeko ttarterik. Atxaspin, ortziralean, «La ferretería del son» salsa taldea aditzeko modua izanen da ortziral gauean, 10,30etatik aitzinera.
Larunbat arratsean, lehendabiziko mozorroak ikusiko dira. Le­sa­kako Gazte Asan­bla­dak ere herri afaria antolatu du larunbat arratsean Arranon. Le­he­nik poteo-kalejira eginen da, arratseko 8etan Ka­ttun hasita. 9,30etan afaria izanen da. Txar­telak Berrin, Kattun eta Arra­non hartzeko azken eguna ortzeguna da.
Igande arratsaldean, berriz, zakozaharrak izanen dira protagonista nagusiak. Aurtengoan hautsa dexente harrotu da: gero eta gehiago omen dira zakozahar gisara atera nahi dutenak, baina gero eta guttiago zakuak betetzen eta josten lanean aritzeko prest daudenak. Azkenean, nola edo hala moldatu dute aurtengoa eta, beti bezala, musika bandaren laguntzaz eginen dute harat-honata. Pla­zan dantzaldia izanen da arratsean. Atxas­pi ostatuan berriz, ikuskizun berexia izanen da gauerditik aitzinera, bi drag-queen etortzekoak baitira.
Astelehen eguerdian, beti bezala, talde ezberdinek prestatutako karrozarik ikusgarrienak ikusiko dira plaza inguruan. Urtetik urtera bada ezusteko ederra ematen duen talderen bat eta aurten ere izanen da, dudarik gabe. Ba­serriz baserriko eskea egiteko gelditzen den talde bakarrak, Fraindarrak alegia, astelehen goizean eginen dute lehen itzulia. Ber­tzeentzat egun horretan akautuko dira iñauteak, baina Frain­darrek asteartean ere ibiliko dira Izotzaldea auzoan eta herrian. Fraindarrekin parte hartu nahi dutenek lehenbailehen eman behar dute izena Koski­lla ostatuan

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun