Dagoeneko ez dira futbola eta eskupilota, garai batean bezala, herriko gazte kirolzaleek egiten ahal dituzten aukera bakarrak. Azken urteetan hainbat kirol berri sartu dira indarrez, dela igeriketa, waterpoloa, txirrindularitza… eta orain atletismoa.
Gaur den egunean badira atletismoaren adar batzuetan ibiltzen diren gazteak, bainan batez ere kros herrikoietan parte hartzen dute, bertzerik ezean. Orain, ordea, altuera saltoa, luzera saltoa, abiadura lasterketa, pisu jaurtiketa, salto hirukoitza eta atletismoaren bertze hainbat modalitatetan trebatzen ahalko dira 7 urtez goitiko beratarrak.
Patxi Pikabea beratarra izanen da irakaslea, eta asteazken arratsaldeetan izanen dira saioak, arratsaldeko 3,30etatik 4,30etara kiroldegian eta futbol zelaiko pistan. Antolatzaileek aditzera eman dutenez, atletismoko adar diferenteak lantzeko material berri eta egokia badago. Izen emateko 1.000 pezeta ordaindu beharko da.