Euskara dekretua Nafarroan

ttipi-ttapa 2009ko irailaren 7a

Berako Toki Ona B.H.I.ko klaustroak  nahi du, batetik, bere kezka adierazi Foru Komunitatean garatzeko asmoa dagoen hizkuntz politikaz azkenengo hilabeteetan indarrean jarritako erabakiak direla-eta,  bereziki Nafa­rroa­ko Administrazio Publikoetan euskararen erabilera arautzen duen Foru Dekretua dela-eta, eta bestetik, ezagutzera eman aipatu gaiari buruzko honako ohar eta gogoeta hauek:
1. Ez dira kontuan hartzen 18/1986 Foru Legearen ezinbesteko helbururik gehienak; horien artean gogoangarriak dira euskara jakin eta erabiltzeko herritarrek duten eskubidea babestea eta euskararen berreskurapena eta garapena begiratzea.
2. 135/1994 Foru Dekre­tua­ren helburu nagusietako gehienak ahantzi dira; horien artean azpimarragarria da herritarrek beren hizkuntz eskubideak erabil dezaten administrazio-zirkuito elebidunak ezartzeko behar hainbat langile prestatzeari dagokiona.
3. Biziki jokatzen da Espainiar Konstituzioaren 3.3. artikuluaren aurka, zeinak dioen Espainiako hizkuntz modalitateen aberastasuna ondare kulturala dela eta beren-beregi errespetatua eta babestua behar duela izan.
4. Arestian esandakoaren haritik, erants daiteke sakontasunez oreturiko kultura gehiketaz jardunik dela ondua, eta ez kenketaz ariturik. Nola Axular hala Cervantes, biak dira nafarren kultur ondarearen osagai. Eta baiezpaten horrek indar bera du aipaturiko autoreen hurrenkera aldatuta ere. Cervantes eta Axular ez ezik, Shakespeare, Descar­tes, Locke, Einstein, Heide­gger, Joyce... ere bai baitira nafarren kultur ondarearen osagai. Geroago eta nabarmenago antzematen da gaur egun hori Europa osatzen duen kultur aniztasuna eta aberastasuna gogoan hartzen duen sentsibilitatea garatu ahala. Esan gabe doa baduela horrekin zerikusirik Europako Kontseiluak 2001. urtea Hizkuntzen Urte Europarra izendatu izanak.
5. Euskara, lingua navarrorum-a, Mendebaldeko Europan bizirik dirauen hizkuntzarik zaharrena, bada, nafar guztien kultur ondarea da eta, halatsu, baita europar guztiena ere.
6. Ezin ahantz daiteke  gatazkak ez direla hizkuntzen artean gertatzen, baizik eta hiztunen artean, baldin eta, jakina, horiek nahi izanez gero. Hizkuntza bat salerosketarako trukagaitzat hartzen delarik, funtsezko eskubideak erauzteraino irits daiteke,  egi erdien arabera jokatuz, eta jakina da egi erdiak gezur oso bilakatzen direla, eta mingarriak izan ohi direla, gainera.
Manikeismoan oinarriturik ez da erraza jarrera anizkuna izatea, zeina beharrezkoa den norberaren kulturaren baitan eta, halaber, kulturen artean elkarrizketa burutu ahal izateko.
7. Ohar eta gogoeta hauek Toki Ona B.H.I.ko klaustroak bere hezkuntza-eginkizuna erantzukizunez betetzeko hartua duen konpromisoaren emaitz dira. Eginkizun hori ikasleriaren kultur eta, beraz, giza sentsibilitatearen garapenaren aldeko zerbitzu publikotzat du aditua; hortaz, gutxiespenak edo herrak eraginaz beste, aldarte bakoitzean besteekiko begiruneaz gogoberriturik saiatzen da bere lan hori burutzen.
           
  Berako Toki Ona BHIko Klaustroa

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun