Aurtengo iñauteak ere joan zaizkigu, eguraldiak lagunduta giro politarekin gainera. Mozorroek euren ibilbide eta egitarauari eutsi diete, azken urte hauetako ohiturari jarraituz. Egia errateko aldaketa ttiki bat izan da aurten, Sarrola auzoko eskia ortziral ilunabarrean egin baitzuten, larunbatean egin beharrean. Larunbat ilunabarrean, berriz, betiko koadrillak prestatutako “Izar Bila” antzerkia pilotalekuan ikusteko aukera izan genuen. Akats tekniko ttiki batzuk izan bazituzten ere, txalogarria da gazte talde honek iñauteak alaitzeko egiten duen lana. Argazkian ikusten ahal den bezala, mozorro politak ere izan ziren ondotik, garai bateko arropez jantzitako taldea eta Donostiako tanborrada, adibide gisera. Haurrek ere euren hiru egunak ederki aprobetxatu zituzten, eta zerbait azpimarratzekotan, eskolan prestatutako antzerkia egin behar, dudarik gabe.