Joan den urtean bezalaxe, Euskal Herriko 560 kiloko sokatira txapelketaren azken saioa Lesakan eginen da. Larunbat honetan, martxoak 10, arratsaldeko 5etatik aitzinera izanen da hitzordua udal pilotalekuan eta Beti Gazte taldearekin batera, Areso, Bizkaiako Torrekolanda, Altamira Gaztea, Abadiño eta Leioako Euskal Kirol Zaleak eta Gipuzkoako Auzolan-Igeldo lehiatuko dira pisu arinean.
Joan den urtean, etxean egindako azken saioan jantzi zuen txapela Beti Gaztek. Aurten, berriz, hiru saioen ondotik finala jokatuko da apirilaren 7an Usurbilen. Kategoria honetan zazpi talde ari dira eta finalerako sei sailkatzen direnez, lesakarrek ez dute Usurbilen aritzeko arazorik izanen. 600 eta 640 kiloko txapelketak ere gisa berean jokatuko dira eta 680koa, berriz, saio bakarrean eginen da.
Bertzalde, gizonezkoak ez ezik, neskak ere tiran ikusteko modua izanen da, 520 kiloko hirugarren saioa izanen baitute. Sakana (Nafarroa), Leioako Euskal Kirol Zaleak (Bizkaia), Badaiotz (Araba) eta Auzolan (Gipuzkoa) ariko dira.