Erabaki garrantzitsuak hartu ziren Biltokiko urteko batzarrean

Oskar TXOPERENA 2009ko irailaren 4a

Batzarre mamitsua aurten Igantziko Biltoki Elkartean egin dena. Hasieran urteko kontu eta ekintzen berri eman zuen Juntak, ondotik bazkideen aldaketak ere aipatuz. Gai horiek eta bertze zenbait xehetasun alde batera utzita, batzarreko gai mamitsuenei heldu zieten bertaratutako 60 bazkideek: kuoten eguneratzea, egoitzan egin beharreko obrak eta Junta berritzea. Hamar urte bazituzten bazkideen kuotak bere horretan, eta, aunitz eztabaidatu ondotik, bikoiztea erabaki zuen gehiengoak, hau da, orain arte ordaitzen ziren 3.000 pezetatik 6.000tara pasatzea. Aspaldian zebilen harat eta honat egoitzaren moldaketaren gaia ere. Juntak momentuz sukaldea bakarrik moldatzeko proposamena egin zuen, 3.500.000 pezetako aurrekontuarekin. Ez zen gai honetan ere eztabaidarik faltatu, baina azkenean, gehiengoak obrei oneritzia eman zien eta bazkide bakoitzak ordaindu beharreko 15.000 pezetak hiru zatitan emateko aukera izanen du. Azke­nik, Juntaren zenbait partaide aukeratu ziren: Josetxo Txoperena izanen da hurrengo bi urtetan lehendakariordea, Itziar Mitxelena idazkaria, Ainhoa Antxor­do­ki diruzaina eta Mikel Ar­burua, Eleuterio Mi­ge­lena eta Joxean Hita bokalak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun