• «Mololo» Irigoien pilotari lesakarrak afizionatu mailako Nafarroako eskuz banakako pilota txapelketa irabazi zuen apirilaren 7an Labriten. Finalean, 18-6 irabazi zion Navarrori.
• 25 urte egin ditu. «Beti hori amesten dugu, baina profesionaletako trena pasatu dela iruditzen zait, enpresek jende gaztea hartzen baitute».
• Heldu den urtean Iruñean jokatuko den Mundu txapelketa prestatzen ari den taldean sartua dago.
Urte aunitz daramazki pilotan Miguel Ramon «Mololo» Irigoien lesakarrak eta apirilaren 8an Labriten irabazi zuen afizionatu mailako Nafarroako buruz buruko txapela da bere lorpenik handienetakoa. «Orain dela bizpahiruhilabete Espainiako klub arteko txapelketan txapeldun izan nintzen eskuz banaka, Paz de Ziganda elkartearekin, baina Nafarroako txapeldun izatea handia da, bai». Nafarroako txapelketa honetako lehendabiziko fasean, laukotetan banatu ziren pilotariak. Mololok berriki profesional egin duten Gorka Retegi beratarrari irabazi egin zizkion bi partidak, eta bertze bi pilotariak eskuko minez erretiratu egin ziren. Final laurdenetan Burlatako Iriarteri ere bi partidak irabazi zizkion eta gauza bera egin zuen finalerdietan, Zabalo bere lagunaren kontra. Finala arte ez zuen arazo handiegirik izan, beraz. Finalerako ez zuen faborito argirik Mololok: «Navarrok urte aunitz daramatza tituluak irabazten. Elkarren kontra behin jokatu dugu eta hartan nik irabazi nuen, baina partidu guziak ezberdinak dira eta finalak oraindik gehiago». Navarrok ez zuen finalerdia jokatu beharrik izan. Juantxo Apezetxea goizuetarraren kontra aritzekoa zen eta honek istripu larria izan zuen –zorionez, dagoeneko arriskutik kanpo eta etxean da goizuetarra–. Gainera, eskuz binaka txapeldun izana zen Navarro, pare bat aste lehenago. Beraz, moralez gainezka eta Mololok baino atseen gehiago izana zuen. Halere, aisa hartu zuen mendean lesakarrak Iruñeko finalean, 18-6.
2002ko Munduko txapelketan parte hartzea eskura du
Pilotan ari diren gehienek bezalaxe, profesionaletara pasatzeko ametsa du Irigoienek, baina 25 urterekin, ez du batere erraxa ikusten. «Zaila ikusten dut, enpresek jende gaztea kontratatzen dute eta niri trena pasatu zaidala iruditzen zait». Dena den, afizionatuetan punta-puntako pilotaria da eta gogor entrenatzen du. Heldu den urtean Iruñean jokatuko den Munduko txapelketa prestatzen ari den taldearekin entrenatzen ari da, Fernando Arretxe profesionala gidari dutela. «Orain dela hilabete baino gehixeago deitu zidaten taldearekin entrenatzeko eta ilusioa egin zidan. Profesionaletan ez banago ere, Munduko txapelketa batean parte hartzea ere handia da. Eta behin horretara ailegatu eta gero, txapela lortuko banu zer erranik ez. Pilota ez da profesionaletan akautzen eta afizionatuetan ere gauza politak egiten ahal dira».
Gehien bat banaka aritzen da orain Irigoien. Bikoteka aritzen denean aurrelaria da. «Ez dakit birtude handiegirik daukadan, baina airez gustora sartzen naiz eta orain gantxoa hobetzen saiatuko naiz, horretan badut nahiko lan».