Jone Fagoaga lesakarrak plater tiraketako Skeet Olinpiko modalitatean Espainiako txapeldun izan da, martxoaren 31 eta apirilaren 1ean Valentzian jokatutako proban. Skeet Olinpikoa da plater tiraketan molderik zailena: plater bakoitzari tiro bakarra botatzeko aukera dago. Jone Fagoagak 75 plateretik 67 xehetu zituen. Ez dago batere gaizki, Jonek urte bakarra baitu modalitate honetan. Espainiako selekzionatzaileak Erregearen Kopa prestatzeko maiatzean Zaragozan eginen den kontzentraziora deitu du Jone. Selekzioan parte hartuz gero, eliteko kirolaria izanen da Jone, eta horrek zenbait laguntza eskainiko dizkio, baita Olinpiadetan parte hartzeko modua ere. Amets egiteko goiz da, baina 2004. urtean Atenaseko Joku Olinpikoetan ikusten ahal dugu Jone.