Apirilaren 29an, igandearekin, Tantirumairu dantza taldeak antolatutako Tantirudantza eguna ospatuko da. Aitzineko urteetako dantzari ttiki egunen gisako egitaraua izanen da Tantirudantza jaialdian ere. 11etan hameketakoa eskainiko zaie parte hartuko duten dantza taldeei. Aurten, Faltzesko Makaia, Lasarteko Erketz, Santutxuko Gaztedi eta Sarako Zazpiak Bat taldeekin ariko da Tantirumairu dantza taldea. Hameketakoaren ondotik, taldeak karrikaz karrika ibiliko dira, beraien dantza emanaldiak ibilaldi ezberdinen barna eskainiz. Ordubata aldera, Zubigainekoa dantzatuko dute Tantirumairukoek, kanpoko taldeek ezagutu dezaten. Ondotik, talde guziek dantza jaialdia eskainiko dute plazan. Handikan, etxe eta elkarte ezberdinetan banatuko dira dantzari, musikari eta irakasleak, bazkaltzeko. Arratsaldeko 6etan, eguna akautzeko, Kiki, Koko, Moko eta Flax pailazoen emanaldia izanen da plazan.