Berrehun eta lau ikaslek hasi zuten irailaren 6an 2001-2002 ikasturtea herriko Irain eskola eta Tantirumairu ikastolan.
Ikastetxeei dagokienez, 118 Irain eskolan hasi dira (joan den urtean baino lau gehiago) eta 86 Tantirumairu ikastolan (iazko ikasturtean baino bi guttiago). Erran beharrik ez da, noski, azken urteetan bezala ikasle guziak euskara hutsean ariko direla, D ereduan.
32 ikasle berri
Mailei dagokienez, ikastolan 38 ikasle izanen dituzte Haur Hezkuntzan eta 48 Lehen Hezkuntzan. Eskolan, berriz, 46 neska-mutiko dituzte Haur Hezkuntzan eta 72 Lehen Hezkuntzan. Bi eta hiru urte arteko 32 neska-mutiko hasiko dira ikasten aurten, 17 Irainen eta 15 Tantirumairun.
Tantirumairu ikastolan ez da irakasle berririk izanen eta zuzendaritzan Ane Elosegik segituko du. Irain eskolan, aldiz, zenbait irakasle joan eta bertze batzuk etorri dira. Patxi Oteiza zuzendariak azaldu digunez, «hiru irakasle berri izanen ditugu, Ainhoa Fraile, Nekane Lasaga eta Ixen Bilbao. Horretaz gain, orientatzaile eta pedagoga lana Begoña Ortegak beteko du».
Irailean goizez bakarrik izanen dituzte klaseak bai ikastolan baita eskolan ere, baina urriaren lehenengo egunean goiz-arratsaldez hasiko dira.