Azken bi asteotan lanean aritu ondotik, Saltus Vasconum elkarteak bukatutzat eman ditu Lesakako Aginan egin dituen indusketa arkeologikoak. 2007an hasitako lanaren segida izan da egin berri dutena. Orduan prospekzio geofisiko bat egin zen, inguruan egon zitezkeen egiturak identifikatzeko. Horren bidetik, aurten egindako lanekin, Aginako kaxkoan Burdin Aroko esparru bat egon zela ondorioztatu da. Burdin Aroko harresi bat aurkitu da, eta horrekin batera, bi metroko sakonerako hobi bat ere bai.
Baina horretarako gogor egin behar izan dute lan Saltus Vasconum elkarteko kideek eta kanpotik etorri diren arkeologo eta boluntarioek, tartean, Kirru Sarobe lesakarra eta Nafarroa, Ingalaterra eta Australiako bertze hainbat Guztira 80 metro koadro industu dira, eta ia 3 tona lur erretiratu.
Hainbat objektu ere aurkitu dituzte indusketa lanetan, Burdin Aroan oraindik erabili ziren silexezko tresnak, bertzeak bertze. Eta ikertzaileen harridurarako frantziar soldadu baten jantziko botoi bat ere topatu dute. Beharbada, kasualidadez galdu zen, Napoleonen garaian soldaduak hortik pasatu zirenean.
Edonola ere, aurkikuntzarik garrantzitsuenak bortz metroko altuera duen harrizko harresia eta harresiarekiko paraleloa den bi metroko sakonera eta hiru metroko zabalera duen hobia dira.
Aginaren kokapena ere nabarmendu dute arkeologoek, ingurua kontrolpean edukitzeko toki aproposa delako. Izan ere, handik Arditturiko meategiak, Irungo Oiassoko portuaren irteera eta Baionako Lapurdum erromatarren kanpamentua ederki ikus daitezke.
Indusketa lanak bukatuta, orain egin diren lanei buruz hitzaldiak prestatzea da Udalaren asmoa, eta Aginan eta Lesakako Burdinaren Museoan informazio-panelak paratzea. Horrez gain, herritar eta bisitarientzako eskuorria ere argitaratu nahi da.