Okolburun, gaur egun Goiz Argi etxea dagoen lekuan, gutti goiti behiti, zegoen Etxagoien edo Etxegoien. Etxe handia zen, katastroetan arraututako datuen arabera, berrehun metro koadrotik goitiko azalera baitzuen. Orain arte ikusitako dokumentoek, guttienez XVI. mendekoa zela adierazten dute, eta 1866ko katastroan oraindik zutik bazegoen ere, 1886an bere harria salgai zegoen.
Hasiera batean, ohi zen bezala, etxearen izena hartu zuten jabeek abizentzat: 1605ean: “Thomas de Echegoyen”; 1665ean: “Joan Martin de Echegoien, dueño de la cassa de Echegoyen”. XVIII. mendean Yancitarrak izan ziren bere jabeak: 1788: “Diego de Yanci, dueño de la casa de Echagoyen”; eta ondotik, zenbat urtez, Thellecheatarrak ere: 1824 “Dueño de Echagoyen: Simon Thellechea Yanci”. Geroztik, Loperenatarrak –lesakarrak– izan ziren etxearen jabeak -1867: “Juan Bautista Loperena Tellechea”-, gero lurra Jose Antonio Tabernari1961ean saldu zioten arte. Etxe honen baserria zen Etxagoiengo borda.