Bosgarren aldiz paleta-goma txapelketa antolatu du Batzokik

Aitor AROTZENA 2009ko irailaren 2a

Izen ematea urriaren 19a baino lehen egin beharko da


Urriaren bukaeran, Batzoki elkarteak, Lesakako Udalaren, Nafarroako Rural Kutxaren eta Diario de Noticias egunkariaren laguntzaz bosgarren urtez antolatutako lehenengo mailako paleta-goma txapelketa hasiko da. Izena emateko epea urriaren 19an akautuko da eta bikote bakoitzak 4.000 pezeta ordaindu beharko du. Antolatzaileek dokumentazioa, kamisetak eta opari bana emanen dizkiete. Izena ematen duten 20 lehenbiziko bikoteek hartuko dute parte txapelketan.

Partidu guziak Larunbat arratsalde eta igande goizetan
Partiduak larunbat arratsaldetan eta igande goizetan jokatuko dira udal pilotalekuan. Izena emateko edo azalpen gehiago eskatzeko Batzoki elkarteko telefonoetara 948 627522 edo 600 903196 (Julian Igantzi) edo bertzenaz frontoira deitu (948 627518).
Bortzna bikoteko lau talde sortuko dira, eta talde bakoitzean ligaxka jokatuko da, hurrengo fasera nor pasatuko den erabakitzeko. talde bakoitzeko lehenengo bi bikoteek bigarren fasea jokatuko dute. Bigarren fase honetan, final laurdenetatik hasita, sistema kanporagarria erabiliko da.
Bertze urteetan bezala, lau lehendabizikoentzat trofeoak, opariak eta sari ekonomikoa izanen da, baita txapelak irabazleentzat ere.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun