Frain mendira errepidez joaterakoan Juanjeronimoren borda izanen da ikusiko dugun igantziko azken baserria. Berrizauneraino doan Ganboko errekako iturburuaren ondo-ondoan dago, Frain mendiaren magalean. 1786an eskatu zion Beheko Uhaldeako Juan Bautista Semperrek Herrikoetxeari lur eremu bat Frain aldean, geroago baserria eraiki eta luberria ateratzeko erabiliko zena, seguruenik. Baserriari buruz aurkitutako dokumentaziorik zaharrena 1843koa da eta haseran –oraindik zenbait dokumentutan ere– Uhaldeko borda deitu bazitzaion ere, bere lehendabiziko jabe edo biztanleak, Juan Geronimo Semperrek –izen bereko bertze baserritik bereizteko seguraski– eman zion gaur egun erabiltzen dugun izena: Juanjeronimoren borda. Halere, baserri-izen gutti izanen dira honek adina aldaketa ezagutu dutenak: Hualdecoborda, Juangeronimomborda, Juanangelemborda, Juanjoren borda, Juanjelemborda… eta bertze aldaera anitz dago dokumentatua. Orain Juanjelen borda erabiltzen dugu.