Salbatoreko ermita abenduaren 2an zabalduko da berriz ere

Aitor AROTZENA 2009ko irailaren 1a

Bi urtez moldaketa lanetan aritu da erretiratu taldea

Aspaldiko urteetan itxia egon ondotik, igande honetan, abenduaren 2an, berriz ere meza adituko da Salbatoreko baselizan. Goizeko 11,30etan hasiko den meza Maximo Hernandorena apezaren omenez eginen da. Bera izan zen Salbatore moldatzeko bultzada eman zuena eta bere arrimoan, herritar talde bat lanean hasi zen 1999ko abuztuan. Orduan teilatua berritzen hasi ziren, baina beharrezko baimen guziak ez zituenez, Herriko Etxeak lana geldiarazi zuen. Gero, Herriko Etxearen eta Bianako Printzearen oniritziarekin eta erakunde honetako Leopoldo Gil arkitektuaren gidaritzapean berriz ere lanean hasi ziren 1999ko San Martin egunean. Erretiratu taldea paretak pikatzen eta txukuntzen aritu zen, baina Maximo Hernandorenaren heriotzak, 2000. urteko apirilaren 19an, berriz ere geldiarazi zituen lanak.
Alfonso Gartziandia apez berriak ekin zion berriz lanei, joan den urte akabailan. Gehien bat herriko erretiratuek egin dute moldaketa lana. Herriko Etxeak ere dirulaguntza eman du, koro berria egin eta zola moldatzeko, baina eskulan gehiena jubilatuek egin dute: aldarea eta erretaula berritu, aulkiak paratu, Via Crucis-a zaharberritu… Ba­selizak hiru erretaula zituen. Bi ttikienak ken­du egin dituzte eta beraien ordez irudiak paratu dituzte. Erretaula nagusia, berriz, zaharberritu eta zoragarri utzi dute. Azken bi urteetako argazkiak ere ikusgai izanen dira igandean Salbatoren.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun