Salaketa lotsamangarria

ttipi-ttapa 2009ko irailaren 1a

EAJ/PNVren izenean argitaratutako «Berako Berriak» buletinaren 9. zenbakian Berako Alkatearen eta Batasuna taldearen aurkako zenbait salaketa agertu dira.
Lehenbizi eta hastekoz, EAJ-k gu errudun gisa agertaraztea lotsamangarri iruditu zaigu. Garzon eta bertzelakoak gure kontra jotzeko aitzaki bila dabiltzan honetan gu delinkuente gisa salatu nahi gaituenak izenik itsusiena merezi du.
Bigarrenik PNV-k Berako herria ez duela ongi ezagutzen irudi du. Izan ere zenbakituak dauden mugarriak (Berako eremuan 1etik 39ra) espainiar eta frantziar estatuei dagozkie eta ez dira Berako eta gurekin mugatzen duten Lapurdiko herrien artekoak (Biriatu, Urruña, Azkain, Sara). Mugarri hauek Euskal Herria bitan zatitzeko balio dute, eta bi estatuen inposaketaren ikurra dira, euskaldunen ikusmoldetik begiratuta noski!
Euskarari ere, mesede ttikia egin diote mugarri horiek, auniztan zenbakien ezartzeak parajearen izena baztertzera eraman gaituelarik.
Baditugu aldiz bertze mugarriak, herrien artekoak, geronek jarritakoak eta Estatuek markatutako lerro zuzenekin bat ez datozenak. Zaila baita berez, gure mendi eta erreka zoko lerro zuzenez markatzea. Ba al daki PNV-k, adibidez, 11. eta 12. zenbakien artean zenbat mugarri dauden eta non dauden? Eta 24. eta 25. artean?
Hori dela eta, ba al daki PNV-k estatuko zein mugarrik markatzen duen Bera eta Azkainen arteko muga? Bakarrik ere, soilik Larungo kaskuan mugatzen dutelakoz eta bertan ez dago zenbakidun mugarririk. Larun kaskuko mugarriak Urruña, Azkaine, Sara eta Bera elkartzen diren puntua markatzen baitu eta hor estatuen zenbaki guziak soberan dira.
Akautzeko erran, Alkate honek eta Berako Batasunak badakigula «gurea» eta inposatutakoen artean bereizten. «Gurea» errespetatzeaz gain, hainbat ohitura eta ikur berreskuratzeko lana auniztan egin dugu (eta eginen), baita bertze batzuk defendatzeko adorerik izan ez dutena defendatzeko.
Bitxia iruditu zaigu bertzalde, bere burua abertzaletzat agertu ohi duen alderdi baten izenean, estatuen sinbologiaren aurka modu horretan salatzea. Badirudi batzuk gaizkileak asmatzeko beharra dutela bere burua zuritzeko edo Jauntto poteretsuen aitzinean morroi leialarena egitekoz: Hitz batean: lotsamangarria.
Josu GOIA
ETXEBERRIA
Berako alkatea eta
Batasunkidea

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun