Beran, adibidez, medikuek ez dute euskaraz egiten, baina hagitz ongi ezagutzen dute jendea eta horrek ere, esperientziak, balio du. Pentsatzen dut jendeari ere ez zaiola ongi irudituko medikua horregatik aldatzea. Orain, berria etortzen den bati euskaraz jakitea eskatzea, igual bai, baina denbora aunitz duzunean zure ofizioan, leku berean, jendea ezagutzen duzularik, ez da problemarik izaten. Ni etorri nintzenean eta jendeak euskaraz egiten nuela ikusten zuenean hagitz kontent jartzen zen, «Ai euskalduna, zein ongi!» erraten zuten, euskaldunak lasaiago aritzen dira. Beran jende gehienak ez du arazorik, igual haurrek problema gehiago dute beraien arazoak adierazteko. Ni ere ama naiz eta hori sumatzen dut, noski. Helduek Beran ez dute arazorik, igual Arantzan izanen dute batzuk. Orain egin behar den kanpaina hau, «Osasunak euskaraz baleki», hagitz ongi dagoela eta arrakasta izanen duela iruditzen zait. Iruñean kasu handirik eginen dioten ez dakit, baina zerbait egitea ongi dago, arazoak badela ikus dezaten. Hemen dauden mediku eta erizainak euskara ikastea eskatu dutela, eta ez diotela kasurik egin, hori ere erraten ahal dizut. Hiru hilabeteko ikastaro intentsiboa egitea eskatu dute, baina ez diote kasurik egin. Ez dagoela dirurik, ez dagoela aurrekonturik… aitzaki aunitz jartzen dituzte, baina inguru honetara ez dute ikastarorik ekartzen, denak Iruñean egiten dira. Hemen bizi garenok, noski, hemen egin nahi dugu. Egunean bi orduko ikastaroa egitera Iruñera joan behar izatea traba handia da. Erreztasunik ez dute batere ematen, eta orain eta guttiago. Nafarroako Gobernuak hartu dituen azken erabakien ondotik, ez dut uste honelako ikastarorik eginen denik hemen. Lehen diru gehixeago izaten zen, baina gero eta guttiago, badakizu asuntoa nola dagoen!