«Nere ilusiorik handiena Bidasoako Trena berriz ere martxan ikustea da»

Joseba OLAGARAI 2009ko irailaren 1a

«Nere ilusiorik handiena Bidasoako Trena berriz ere martxan ikustea da» Joseba OLAGARAI

Gizon kuriosoa da goitiko argazkikoa, Antonio de la Cruz. Bera eta trenak: izena eta abizena. Ikaragarria da trenekin eta horien inguruko guztiarekin duen afizioa. Madrilen sortua eta han eman du bizitzaren zatirik handiena Antoniok. Bere emazteak, ordea,

Zortzi urtetatik omen du trenekin afizioa Antonio de la Cruzek. Orduan ikusi zuen bere lehenbiziko trena Madrileko “Estación del Norten”. «Baporezko lokomotora ikaragarri haiek ikusi nituenean, mugitzen eta kea botatzen… halako inpresioa egin zidan, nik uste orduantxe engantxatu ninduela bizitza guzirako. Baporezko tren bat ibiltzen ikustea munduan dagoen ikuskizunik ederrenetakoa dela uste dut. Gisa horretako mastodonte bat ur beroarekin bakarrik baliatuz ibil daitekeela pentsatzea, gizonak egin duen asmakizunik hoberenetakoa dela argi eta garbi dut. Ez dago munduan hori gainditu dezakeenik».
Seiluena edo pinturarena bezala, trenaren afizioa ere hagitz handia dela erran digu Antoniok. Munduan 200 aldizkaritik goiti argitaratzen omen da trenen inguruan. 200 marka baino gehiago dago trenak egiten dituena eta Antoniok erran digunez «nahi izanez gero milaka eta milaka katalogo erakutsiko nizkizuke. Afizioa ikaragarria da, baina orokorrean, nahiko gordea eramaten dena. Ez da inoiz akabatzen. Nik 60 urte ditut eta oraindik aunitz dut ikasteko. Honek engantxatu egiten du».
Antonioren afizio hau “hagitz normala” ez dela erranen lukete aunitzek. Izan ere, hainbertze maite du trenaren mundua eta honen inguruko guztia bere etxean ikaragarrizko maketa egina duela, tren estazio ikusgarri batekin. «Trenarekin duen afizioaren barrenean etapa desberdinak bizitzen dituzu. Lehenengo aitak oparitutako tren ttikia nola ibiltzen den ikustearekin gozatzen duzu, gero benetazko trenbidea miresten duzu, eta azkenean, maketa bat egin. Hondarrerako zuk zure diseinuak egin nahi izaten dituzu. Izan ere, merkatuan ez dago zure herrialdean egon diren trenik, eta nik hemengo trenak sartu nahi nituen nire maketan. Horrelaxe hasi nintzen orain dudan maketa egiten».
Antoniok bortz urte daramazki bere maketa egiten baina oraindik ez du akabatua. Halere, lanik handiena betea du, zirkulazio eta elektronika kontu guztiak eginak baititu. Eta zer nolako lana gainera! 300 metro kable baino gehiago erabili ditu bere maketan. «Poliki-poliki hasi nintzen. Betidanik izan dut nire maketa propioa izateko ilusioa, baina leku falta izan dut arazoa, leku handia hartzen baitu neurri honetako maketak. Paris, Alemania, Madril eta bertze hainbat lekutan hainbertze maketa ikusi ditut, eta horiek ikusita, duela bortz urte hasi nintzen nirea egiten etxean. Lan handia du; zurgin lana, infraestruktura lana, elektronika lana, trenaren ezagutza lana... eta bertze hainbat. Nahi izanez gero merkatuan gauza aunitz saltzen dira baina nik neronek egin dut den-dena».
Etxetik ateri eta jendeari erakustea aunitz gustatuko litzaioke Antoniori, baina maketa egina dagoen moduan, hori ezinezkoa dela erran digu. Izan ere, ez omen du kableen konektorerik, zatitu eta mugitu ahal izateko. Bertatik bertara ikusi nahi duenak Antonioren etxera hurbildu beharko du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun