Ikasturte hasieran, herriko berriak idazterakoan, udako azken asteak nola joan diren aipatzeko probexten dugu tartetxo hau. Uztaila akaututa, denak besten esperoan egon ginen. Abuztuaren 14ko arratsaldean Amabirjinak lehertu ziren, Martin Ibarrola musikariak botatako txupinazoarekin. Urte aunitzetako txistulari lana eskertu nahi izan du herriak aurten. Hala, Amabirjin Egunean, meza ondotik, omenaldia egin zitzaion Martini, udal ordezkariek plaka eder bat eman zioten eta aurresku bat ere dantzatu zitzaion. Bertzalde, bestetan, musika, dantzak, presoen aldeko brindisa, kirolak, afari-bazkariak, suzko zezenak, mus txapelketak, elizkizunak, bertsolariak, sagardotegi ibiltaria, haurrentzako joko eta pailazoak, bingoa, dantza lehiaketa... izan dira. Berrikuntza pare bat ere ezin aipatzeke utzi. Herriko 20 bat lagunek osatutako batukada taldeak arrakasta lortu zuen Amabirjin Egunez. Arratsaldean hasita, musikariak karrikaz karrika ibili ziren goizaldeko ordu ttikiak arte eta giro paregabea izan zen. Astelehen goizean, berriz, hamar probez osatutako norgehiagoka izan zen, herriko seme-alaben eta dagoeneko aranztartuak diren gazteen artean. Ekitaldi arrakastatsua izan zen hau ere. Bestak bukatu eta hiru egunetara, Arantza Rock 2009 ospatu zen. Eguerdian koadrillek Ekaitza Elkartean eurek prestaturiko bazkaria dastatu zuten, eta triki-poteoa eta jokoak egin ziren arratsaldean. Gauean, bortz musika taldek zuzeneko kontzertuak eskaini zituzten. Talde euskaldunak izan ziren, eskualdekoak zein urrunxeagoakoak. Esne Beltza taldean, adibidez, Iban herriko bateriajolea aritzen da. Jende aunitz bildu zen eta giro ederra sortu zen. Baina Gazte Asanbladatik azpimarratu dutenez, lanerako jende guttiegi. Ia betikoa, maila hauetako ospakizunak antolatzean.