Andoni Sarasola herritarraren eta bertze bi lagunen atxiloketa salatzeko abuztuaren 22an “Errepresioa ez da bidea” izenburupean deitutako manifestazioa ez zen egin, herria erabat okupatu baitzuen Guardia Zibilak. Herri sarreretan kontrol izugarriak jartzeaz gain, herri barnean ere hainbat eta hainbat guardia zibil ikus zitekeen egun horretan eta plazara sartzea debekatu zuten, baita pasiatzen zebiltzan herritar eta kanpotarrei ere. Gisa honetara, manifestazioa ez zen egiterik izan.
Gauza beretsua gertatu zen Andoni Sarasolaren atxiloketaren inguruan informatzeko abuztuaren 19an deitua zegoen batzarrean ere. Orduan, 120 guardia zibil zenbatu zituzten herrian. Batzarra plazan egitekoa bazen ere, dena hartua zegoela eta Herriko Etxean egin zen. Batzarra bukatuta elkarretaratzea egiteko asmoa zen, baina Guardia Zibilak debekatu egin zuen eta udaletxetik ateratzen zirenak bideoan grabatu zituen. Bi minutu eman zituzten jendea sakabanatzeko.
Abuztuaren 19an atxilotu zituzten Saboya departamentuan eta 96 orduko inkomunikazioa bukatuta, Andoni Sarasola, Aitzol Etxaburu eta Alberto Matxain kartzeleratzeko agindua eman zuen Laurence Le Vert Pariseko epaile bereziak, “ekintza terroristak egiteko gaizkile taldeko kideak” direlakoan eta “armak edukitzeagatik”.
120 GUARDIA ZIBIL
Informazio batzarra egin behar zen egunean 120 guardia zibil zenbatu zituzten. Manifestazio egunean gehiago ere baziren.