Embrunman Triatloi gogorra 61. postuan bukatu zuen Bixente Igartzabal lesakarrak

ttipi-ttapa 2009ko abu. 24a, 12:40
Alejo Sarobe eta Bixente Igartzabal lesakarrak, proba irabazi zuen Marcel Zamorarekin batera. TTIPI TTAPA

Alejo Sarobek erretiratu behar izan zuen arazoak izan eta gero

Abuztuaren 15ean, Amabirjin egunean burutu zen Frantziako Hautes Alpes departamentuko Embrun herrian Enbrunman izeneko proba gogorraren hogeita seigarren edizioa. Munduan dauden Triatloi probetan gogorrenetakoa eta famatuenetakoa da Embrunman, kirolariek 3.800 metro igerian, 188 kilometroko ibilbide menditsua bizikletan (tartean, Col D’Izoard igoera gogorra) eta marathoia, 42,195 kilometro lasterka egin behar izaten baitute.

Bartzelonako Marcel Zamora nagusi

Bertan bi lesakarrek hartu zuten parte, Alejo Sarobe eta Bixente Igartzabalek, bertze 862 kirolarirekin batera, bero itogarriari aurre eginez. Horietatik 681ek bukatu zuten lasterketa eta bizkorrena Bartzelonako Marcel Zamora izan zen, 9 ordu, 39 minutu eta 45 segunduko denborarekin. Kataluniarrak kasik 10 minututan hobetu zuen Hervé Faure frantziarrak zeukan probaren errekorra. Faure bigarren izan zen proban.

Igartzabal 61garren postuan eta Sarobe erretiratua

Joan den urtean lehen aldiz parte hartu zuten bi lesakarrek proba honetan eta aurten esperientzia errepikatu nahi izan zuten. Bixente Igartzabal bikain ibili zen eta 61. postuan akautu zuen proba, 12 ordu, 6 minutu eta 41 segundutan lanean aritu ondotik. Igeriketako proba egiteko ordubete, 12 minutu eta 58 segundu behar izan zituen, bizikletako probarako 6 ordu, 43 minutu eta 19 segundu eta lasterketarako 3 ordu, 59 minutu eta 22 segundu. Alejo Sarobek, bere aldetik, erretiratu behar izan zuen, urdaileko arazoak izan baitzituen, igeriketako proba bukatu eta bizikletakoa kasik bukatua zuenean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun