Larunbatean ezin izan zen manifestaziorik egin Lesakan Guardia Zibilak herria hartua zuelako

TTIPI TTAPA 2009ko abu. 24a, 12:36

Andoni Sarasola espetxeratzeko agindua eman du Le Vert epaileak

Andoni Sarasola herritarraren eta bertze bi lagunen atxiloketa salatzeko larunbatean Lesakan “Errepresioa ez da bidea” izenburupean deitutako manifestazioa ez zen gauzatzerik izan, herria erabat okupatu baitzuen Guardia Zibilak. Herri sarreretan kontrol izugarriak jartzeaz gain, herri barnean ere hainbat eta hainbat guardia zibil ikus zitekeen larunbat arratsaldean eta plazara sartzea debekatu zuten, baita pasioan zebiltzan herritar eta kanpotarrei ere.
Gisa honetara, manifestazioa ez zen egiterik izan.

Batzarrean ere herria hartua zegoen

Gauza beretsua gertatu zen asteazkenean, Andoni Sarasolaren atxiloketaren inguruan informatzeko deitua zegoen batzarrean ere. Orduan ere, 120 guardia zibil zenbatu zituzten herrian. Batzarra plazan egitekoa bazen ere, hura dena hartua zegoela eta Herriko Etxean egin zen. Batzarra bukatuta manifestazioa egiteko asmoa zuten bertaratutakoek, baina Guardia Zibilak debekatu egin zuen eta udaletxetik ateratzen zirenak grabatu. Bi minutu eman zituzten jendea sakabanatzeko.

Andoni espetxeratua

Bertze aldetik, 96 orduko inkomunikazioa bukatuta, Andoni Sarasola, Aitzol Etxaburu eta Alberto Matxain kartzeleratzeko agindua eman du Laurence Le Vert Pariseko epaile bereziak, “ekintza terroristak egiteko gaizkile taldeko kideak” direlakoan eta armak edukitzeagatik.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun