87.000 euroko dirulaguntza jasoko du Lesakako Udalak suhiltzaileentzako 4x4 kamioi bat erosteko

TTIPI TTAPA 2009ko abuztuaren 14a

Oraingoa zaharkitua gelditu da

Lesakako suhiltzaile bolondresei laguntzeko, Nafarroako Gobernuak Lesakako Udalari 87.000 euro ematea erabaki du. Dirulaguntza 4x4 kamioi bat erosteko izanen da eta iragarri dutenez, inbertsioa heldu den urtean eginen da.

Gaur egun Lesakako suhiltzaileek duten kamioiaren egoera ez da ona, “ia erabiliezina da”, azaldu dute Nafarroako Gobernutik. Bere garaian, suhiltzaile profesionalek emandako kamioia da eta urteekin okerrera egin du. Azken urteetan konponketa aunitz egin behar izan dizkiote. Horri aterabidea emateko ekarriko dute kamioi berria, 11,5 tonako pisua eta 3.000-3.500 ur litroko biltegia duena.

Urte hasieran bertze dirulaguntza bat

Eskualdeko suhiltzaile boluntarioen lau parkek 167.952,44 euroko dirulaguntza jaso zuten urte hasieran. Bera, Goizueta, Leitza eta Lesakako parkeak, hain zuzen. Berako parkearentzat 30.997,95 euro onartu ziren; Goizuetakoarentzat 35.031,44 euro; Leitzakoarentzat 67.990,47 euro. Horietatik 40.000 euro kamioiaren txasisa aldatzeko izan ziren. Lesakako suhiltzaileek, azkenik, 33.932,58 euro hartu zituzten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun