Beroari aurre egiteko hainbat ekitaldi izan zituzten asteartean Berako bestetan

Aitor AROTZENA 2009ko abu. 5a, 14:03
Igeriketa txapelketa, antzerkia, apar besta eta kukañaz gozatu zuten haurrek. Helduek ere ederki pasatu zuten, galdetu bertzela 1980tik ateratzen den Kaparrak taldeari. TTIPI TTAPA

Goizean igeriketa txapelketa eta arratsaldean apar besta eta kukaña izan zuten haurrek

Bezperako eta San Esteban egunak pasatu ondotik, ttikienei eskainitako eguna ospatu zuten asteartean Berako San Esteban bestetan. Kaxerna Gaztetxeak antolatutako Gaztexteban ekitaldietan ere egun berezia izan zen atzokoa, bazkaria izan baitzuten Gaztetxean eta bertso desafioa ere izan baitzen. Goizez haurrentzako poney-ak ibili ziren Illekuetan eta Berako igerilekuan haur eta gazteentzat XXII. Igeriketa Txapelketa antolatu zuen Gure Txokoa Elkarteak. Kasik 40 igerilarik parte hartu zuten txapelketan. Egun osoan izan zen bero sargoriari aurre egiteko kukañan ere haur aunitz ibili zen.

Pilota frontoian, antzerkia plazan

Aspeko pilotari profesionalen arteko pilota partidak ikustera jende aunitz bildu zen Eztegara pilotalekuan, nahiz eta Inaxio Errandoneak aipatu zigunez, iaz baino guttixeago bildu. Lehenbiziko partidanan Berasaluze IV eta Merinok 22 eta 16 irabazi zieten Iñaki Larralde lesakarra eta Arrutiri, partida gogorrean. Partida nagusian, Xala eta Pascualek 22 eta 13 irabazi zieten Irujo eta Laskurain-i. Ordu berean, haurrentzako ikuskizuna izan zen Altzateko Plazan, Eidabe taldearen “Atxikistan kanpanolue martxan”. Haur guziak Atxikistanen bila ibili ziren, antzezleekin batera. Ondotik, beroa uxatzeko haurrek gustora hartu zuten Apar Besta eta trikitilariak izan ziren. Herriko Etxeko Plazan migattuak ateratzen ziren bitartean, Irats taldeko trikitilariekin eta Xabier Silveira, Haritz Etxeberria ‘Ministro’, eta Julen Zelaieta bertsolariekin bertso-poteoa egin zen.

Hainbat ekitaldi asteazkenean

Abuztuaren 5ean, asteazkenean, goiz-arratsaldez Puzgarriak izanen dira Eztegara pilotalekuan. 12:30ean Erraldoiak eta buruhandiak Ezpelur gaiteroen laguntzarekin ibiliko dira Agerran. 13:00etan Kukaña izanen da Illekuetan. 14:00etan Kantu bazkaria Altzateko pilotalekuan. 17:00etan Izadi Txarangak San Jose zahar etxean joko du. 18:00etan Kukaña izanen da Illekuetan. 19:00etan Dolores Sanjuán eta Marichi Tequileño Mariatxiekin kalejira eginen dute Illekuetatik hasita. 19:30ean Migattuak izanen dira Herriko Etxeko plazan, Izadi Txarangak alaiturik. 21:00etan Dantza herrikoiak izanen dira Ezpelur gaiteroekin Altzate karrikan. Ondotik Suzko zezena aterako da Altzate karrikan. Gauerdian dantzaldia izanen da Patxi eta konpainiarekin Altzateko plazan Egunean zehar Izadi Txaranga ariko da karrikaz karrika.

Ortzeguna hondar eguna

Abuztuak 6n, ortzegunean, 9:00etan Irats trikitilariak eta Ezpelur gaiteroak Garaitarreta eta Suspel-ttikin ibiliko dira. 10:30ean Herriko pilotarien pilota partidak jokatuko dira Eztegara pilotalekuan: Benjaminak, alebinak, infantilak eta helduak. 12:00etan Migattuak izanen dira Herriko Etxeko Plazan Ezpelur gaiteroekin. 12:00etan Erraldoiak eta buruhandiak Altzatetik Herriko etxera joamnen dira, Izadi Txarangarekin. 14:30ean Herri Bazkaria Altzateko frontoian. 17:00etan Ezpelur gaiteroek San Jose zahar etxean joko dute. Ondotik Kukaña izanen da Illekuetan. 19:00 Kalejira eginen da Swing Da Bahia Taldearekin Illekuetatik Mukixura. 21:00etan Dantza herrikoiak izanen dira Ezpelur gaiteroekin, Altzate karrikan. Ondotik Suzko zezena aterako da Altzate karrikan. 23:00etan dantzaldia izanen da Jalisko Band taldearekin Altzateko Plazan. Gauerdian Gaztexteban Jautsiera eginen da, Gizajoa Ni. Egun osoan Izadi Txaranga ariko da karrikaz karrika, egunero bezala.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun